ALBISTEAK

Zaballa, Basauri eta Martuteneko espetxeetara martxak deitu ditu Sortuk

Sortu gaur Usurbila etorri da bere elkartasuna eta babesa adierazteko Kalera Kalera iniziatiban parte hartzen ari diren preso ohiei; eta bidenabar, datorren abenduaren 24an Zaballara eta, abenduaren 31n, Basauri eta Martutenera deitu ditugun martxen berri ematera.

Hasteko, duen balioa azpimarratu nahi diogu Kalera ekimenari eta berau bultzatu duten preso ohiei; ehundaka pertsona dira, espetxean edo erbestean egon direnak; guztien artean milaka urteko espetxe zigorrak bete dituzte, eta beraz, herri honetara gatazka politikoak ekarri duen sufrimenduaren parte bat ordezkatzen dute. Lehen pertsonan ezagutzen dute zer den arrazoi politikoarengatik espetxean egotea eta, ondorioz, gai honen inguruan beren posizionamenduak garrantzia duela iruditzen zaigu.

Sortu -Kalera gunean parte hartzen ari diren kideekin batera- presoak pairatzen duten egoera zailaz arduratuta dago, bereziki salbuespeneko espetxe legedia krudelaren aplikazioaren eta dispertsioaren ondorioz, azken honetan senide eta lagunak ere erabat kaltetuak gertatzen ari direlarik.

Egoera honek arduradun nagusi bat du: espainiar gobernua, zeinak elkarrizketa negoziatua babesten duen Kolonbiaren kasuan (presoen kaleratzea barne) eta, gurean, direnak eta ez direnak egiten ari den, konponbideen prozesu bat ezinbezkoa bilakatzeko.

Sortutik, duela zazpi urte hasi genuenari amaiera emateko konpromisoa erakutsi nahi dugu: aurreko zikloa erabat itxi eta berria irekiz. Hau izango da gure lehentasuna. Eta aurreko zikloa erabat ixteko presoak espetxeetatik atera behar ditugu, euskal jendarteak adosten duen eran, baina espetxetik atera behar dira.

Sortu jakitun da arazo honen irtenbidea ez dela bakearen etsaiekin lortutako akordiotik etorriko, indar bilketatik, herriaren mobilizaziotik eta subirautza prozesuaren aurrerapenetik baino. Eta jakin badakigu presoak bere ekarpena egiteko borondate osoa dutela.

Ondorioz, espetxe frontetik espetxeak hustutzeko frontera pasatzeko tenorea iritsi dela pentsatzen dugu. Eta eginkizun horretan presoen papera bezain funtsezkoa da gatazka politikoaren konponbiderako euskal jendartearen konpromisoa. Horretarako, funtsezkoa izaten jarraituko du eremu politiko eta instituzionalaren konpromisoa eta konpromiso sozial eta mobilizatzailea. Ez da normalizazio politikorik izango, arrazoi politikoengatik herritarrak askatasunik gabe mantentzen diren bitartean, eta maila guztietako normalizazioa euskal jendartearen helburu ukaezina da, Sorturentzat ere.

Euskal jendarte osoari dei egiten diogu, normalizazioaren alde dagoen orori eta euskal presoak etxean behar dutela pentsatzen duen orori, datozen egunotarako antolatu diren espetxeetarako martxetan parte hartzera.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.