Abendu honetan bere eztabaida prozesua abiatuko dela iragarriz EPPK-k egin duen agiriri buruz Sorturen iritzia azalduko dizuegu jarraian:
Sortuk hainbatetan esana dugu garaia dela espetxeak husteko eta, beraz, egokitzat jotzen dugu EPPK-k dioena, eztabaidaren norabidea helburu horren bila ahalik eta azkarren bidean jartzeko asmoa azalduz.
Erabaki honek berriro ere erakusten du preso politikoen prestutasuna gatazkaren konponbidean eta normalizazioan aktibo politikoak izateko, Gobernu espainolak darabilen posizio maltzurrarekin erabateko kontrastean. EPPK izaera politikoa duen eragilea dugu eta, beraz, garrantzitsua da Ezker Abertzale osoak Abian prozesuan martxan jarritako estrategiarekin bat egin eta bere helburuak ahalik eta modurik eraginkorrenean lortzeari begira bere burua berrezaugarritzea, agirian aipatzen duen moduan.
Ondorioz, euskal preso politikoak, Ezker Abertzalearen parte diren heinean, beren eginbeharra gauzatzera doaz eta Abianek markatutako norabidean -prozesu independentistarenean- beraien ekarpena egitera datoz. Sortuk EPPKren ariketa txalotu nahi du erantzukizun politiko osoa
erakusten duelako eta bake eta normalizazioari erakusten duen konpromisoarengatik.