ALBISTEAK

ETAk bere borondatea adierazia du eta nazioarteko eragileak horretan laguntzeko prest daude

Azken asteotan etengabeak izan dira konponbide prozesuaren egoeraren inguruko filtrazio, intoxikazio eta ordezkari politiko ezberdinen erreakzio zein adierazpenak. Gaurkoan, SORTUk egoeraren inguruko bere hausnarketa eta irakurketa partekatu nahi du euskal jendartearekin:

Euskal Herrian bake justu eta iraunkorra lortzeko aukera errealak daude mahai gainean. Gatazkaren ondorioei dagokionez, bereziki armagabetzeari eta presoen etxeratzea bideratzeari begira aurrera pausuak emateko baldintza guztiak daude. Estatu espainiar zein frantziarrak proposamen serio eta zentzuzkoak izan dituzte eta dituzte mahai gainean. Berriki presoen ordezkariek eginiko adierazpenek hori berresten dute, bai eta ETAk azken hilabeteotan eginiko adierazpenek.

Europa eta Europatik kanpoko hainbat herrialdek Euskal Herriak bizi duen gatazkari amaiera modu ordenatu batean emateko laguntza eta prestutasuna azaldu dute eta aukera errealak daude elkarrizketa prozesua bururaino eramateko. Hau da, Aieteko Konferentziaren Adierazpeneko bigarren puntuaren garapenerako beharko litzatekeen markorako alternatibak badaude.

2011ko urriaren 20az geroztik Estatu espainiar eta frantziarreko gobernuek Aieten jasota dagoen ibilbideari ekin diezaioten beharrezkoak diren baldintzak ematen dira. Eta ordutik hona, lehenik Rodriguez Zapateroren gobernuak eta orain Rajoyrenak Estatu espainiarrean eta Sarkozyren gobernuak lehenik eta gaur egun Hollanderenak Estatu frantziarrean ez dute urrats bat bera ere eman gatazkaren ondorioen agendari ekiteko. Denen jokaera ezin arduragabeagoa eta tamalgarriagoa da.

Aukera hauen aurrean aldiz estatuen itxikeriak darrai. Bi estatuetako gobernuek prozesu ezaren hautua egin dute. Euskal jendarteak eta nazioarteko komunitateak ulertezintzat duen jokabidea mantenduz.

Estatuen estrategia larri hori behin baino gehiagotan laguntzen duten zenbait jokabide politiko daude. Estatuen prozesu ezari aurre egiteko borondaterik ez eta konponbidearen ildoan aurrerapenik ez egotearen zama prozesua konponbide osoraino eramateko prest daudenen bizkar gainean jarri nahi dutenen jokabide arduragabe dago, ikuspegi eta helburu alderdikoi hutsak izanik buruan. Hori da PNVren jokabide tamalgarria, argitan eta agerian egiten dutena.

Konponbide osoa, justua eta gatazka politikoaren muin politikoak eta azken 50 urtetako ondorioak atzean utziko dituena behar da. Hori da euskal jendartearen gehiengoak nahi duena eta alderdi politiko eta instituzioei horretan murgiltzeko exijitzen digute. Izan ere, konponbidea ezinbestekoa baita eta gainera konponbideak ez baitu alternatibarik.

Egiaztatze Batzordeak ere hori adierazi zuen Euskal Herrira egindako bere azken bisitan. Plazaratutako adierazpenean argiki dei egiten zien alde guztiei urratsak egitera, konpromiso berriak hartzera konfiantza giroa eratzeko. Hori eta ez besterik da Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak egindako deia. Hortik aurrerako irakurketa guztiak NEBren planteamenduak era interesatuan erabiltzea besterik ez da, zenbait alderdi politiko eta komunikabideek egin dutena.

Sorturen iritziz bihar hasiko den “Bake Prozesua Indartzeko Foro Soziala”k aukera paregabea emango du konponbidearen aldeko prozesuaren nondik norakoaz egoki jabetu eta euskal herrirako irakaspenak ateratzeko.

Sortuk bere ekarpena egingo du gatazka politikoaren konponbidearen aldeko ekimen orotan, bai Iruñea eta Bilboko Foroan, instituzioetan eta kalean. Dena beharrezkoa izango baita prozesu honetan. Guk ez dugu konplexurik, gure proposamenak garbiak baitira ezein markotan.

Gatazkaren konponbidea erdiesteko aukerak zabal zabalik daude, ETAk bere borondatea argiki adierazia du, nazioarteko eragileak horretan laguntzeko prest daude. Sortutik euskal jendarteari dei egiten diogu gatazkaren konponbidean parte aktiboa izan dadin eta Iruñea eta Bilboko Foroak eskain ditzakeen ideia eta tresnak balia ditzan bakearen eta normalizazioaren eszenatokira heltzeko ibilbidea lantzeko.

SORTU,
2013ko martxoak 13

 

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.