ALBISTEAK

Prentsaurreko honen bidez SORTUk baloratu nahi du EPKK-k eztabaidarako eta bere kasuan berrespenerako darabilen txostena. Bertan, Kolektiboak bere lerro politikoa egokitu eta eguneratzeko apostua egiten du:

Batetik, ABIAn eztabaidaren ondorioei jarraiki, eta Kolektiboak ondorio horiei egiten dien ekarpena, Ezker Abertzalearen lerro berrituari egiten dion ekarpena.

Bestetik, 2013an Kolektiboak hartutako erabakietan sakontzera dator. Erabaki hartan bide legalak ere erabiltzea preso guztien etxeratzea bultzatzeko. Orain erabaki hori zehaztera eta sakontzera dator, eragile politiko, sozial, sindikal eta herritarren eskakizunei erantzunez.

Sortutik txalotu egiten dugu EPPKren ardura eta erantzukizun historikoa.

Urrats berri honekin, EPPKk berriro ere frogatzen du bere konpromisoa konponbide prozesuarekin eta Euskal Herriaren askapenarekin. Ekarpen berri honek, zalantzarik gabe, konponbide prozesuaren blokeoa apurtzen lagunduko du. Ez hori bakarrik, konponbide prozesuaren blokeoa apurtzen laguntzearekin batera, askapen prozesuan aurrera egiteko aukerak biderkatuko ditu.

Hain zuzen, hori da, EPPK beraren esanetan, urrats honen helburu behinena: kartzelak hustutzen laguntzea eta prozesu soberanista bat martxan jartzeko aukerak biderkatzea.

Nolanahi ere, kartzelak hustutzeko ere ezinbestekoa da gizartearen bultzada, ezaguna baita Estatuen jarrera eta jokabidea. Horregatik, dei egiten diogu gizarteari kaleak bete ditzan. Beste behin ere, kaleak bete beharra dago kartzelak hustutzeko.

EPPKren erantzukizunak kontrastatzen du Estatuen jarrerarekin. Beste behin ere, argi gelditzen da nor dagoen bakearekin eta nor ez.

Zentzu hortan, gauza jakina da Kolektiboak urrats bat eman nahi izan duen bakoitzean, Estatuak berau galarazten saiatu direla. Horregatik, dei egiten diegu, batetik Estatu espainiarrari eta frantziarrari, Kolektiboaren eztabaida eta erabakia errespeta ditzaten; eta bestetik, gizarteari, Kolektiboaren eztabaida eta erabakia babes ditzan.

Bukatzeko itxaropenerako mezua: bakearen bost artisauen kaleratzeak erakusten du gizartearen bultzadaz posible dela Estatuen gerra estrategia pitzatzea. Indartsuak dira, baina ez garaitezinak. Ez daukagu zalantzarik Euskal Herriak irabaziko dituela bakea, irabaziko duela presorik gabeko etorkizun bat, eta irabaziko duela askatasuna.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.