Aurten ere, Bilboko kaleak herritarrez beteko dira euskal preso eta iheslari politikoen etxeratzea aldarrikatzeko. Euskal preso politikoek egun honetan ez dute bisitarik izango, halere, inoiz baino ozenago entzungo dituzte gure elkartasun oihuak. Gure aldarri eta helburua euskal preso politikoak Euskal Herriratzea da, sakabanaketarekin amaitzea; azkenik etxean eta libre izateko.
Horretarako, larunbatean, Bilboko kaleak herritarrez eta borondatez bete behar ditugu, indarrak biderkatu behar ditugu, izan ere, Estatu espainiarrak ez baitu borondate demokratikorik gatazkaren ondorioei ekiteko.
Sortu-ren aburuz, estatu espainiarrean ez dago demokraziarako, ez bakerako ezta herri gisa dagozkigun eskubideak aitortzeko eta egikaritzeko aukerarik. Hortaz, ozen esan dezakegu gure herriaren etorkizuna soilik haustura demokratikotik etorriko dela.
Ezker abertzaleak beti jakin izan du askapen prozesua momentuko errealitatera egokitzen eta orain ere beste horrenbeste egiten dihardu, etorkizunari begira eta aurrean dugun erronkari helduz, hau da, Euskal Estatua lortzeko aukerei ateak parez pare irekitzeko lanean. Madril eta Parisera begiratzeari utzi behar diogu. Gakoa Euskal Herrian dago.
Independentziaren zikloari ateak ireki behar dizkiogu denon bultzadaz. Independentzia eta sozialismoa eraiki behar ditugu gaurdanik; justizia soziala, feminismoa eta euskara oinarri izango dituen Euskal Estatuaren eraikuntzari ekin behar diogu. Eta noski, lehentasunen artean preso eta iheslari guztien etxeratzea dugu. Denak etxean nahi eta behar ditugu eta horretarako indarrak biderkatu behar ditugu.
Norabide horretan kokatzen da berriki EPPKk bere lerro politikoa egokitu eta eguneratzeko egin duen apustua. Eztabaida hau, 2013an hartutako erabakietan sakontzera dator. Erabaki hartan bide legalak ere erabiltzea preso guztien etxeratzea bultzatzeko jasotzen zen. Orain erabaki hori zehaztera eta sakontzera dator, eragile politiko, sozial, sindikal eta herritarren eskakizunei erantzunez.
Urrats berri honekin, EPPKk berriro ere frogatzen du bere konpromisoa konponbide prozesuarekin eta Euskal Herriaren askapenarekin. Ekarpen berri honek, zalantzarik gabe, konponbide prozesuaren blokeoa apurtzen lagunduko du. Ez hori bakarrik, konponbide prozesuaren blokeoa apurtzen laguntzearekin batera, askapen prozesuan aurrera egiteko aukerak biderkatuko ditu.
Ez da hutsaren hurrena egiteko duguna, baina horretarako Ezker Abertzalea osatzen dugu. milaka gizon eta emakumeon konpromisoa dugu. Eta nola ez, konpromiso horren erakusle dugu datorren urtarrilaren 14an Bilbon, SAREk antolatuta, egingo den mobilizazio erraldoia.Egun horretan, euskal preso politikoak Euskal Herriratzearen aldeko aldarria oihu ozena bilakatu behar dugu. Egun horretan, Bilbo txiki utzi behar dugu.