Aste honetan jakin dugu Olatz Lasagabaster presoaren ama Valentziako ospitalean dagoela joan zen ostiralaz geroztik. Ama izan berri den alaba bisitatzen ari zela ondoezik sentitu zen eta egoera larrian ospitaleratu zuten.
Sakabanaketaren ondorioak senitarteko eta lagunek sufritzen dituzte, beraiek dira zuzenean politika anker honen helburu.
Hamasei lagun dira dispertsio politika martxan jarri zutenetik errepidean istripuz hil direnak eta ehunka zauritutakoak, baina senideei etzaie inolako eskubiderik errespetatzen. Sortuk dispertsio politikaren berehalako amaiera exijitzen du. Dispertsioak senitarteko eta lagunentzat suposatzen duen errusiar erruleta honekin behin betirako amaitu behar da. Giza eskubideen errespetuagatik besterik ez bada presoak bere etxeetara hurbildu behar dira.
Euskal Herrian milaka eta milaka dira presoen aldeko elkartasuna sustatzen dutenak eta horren isla da ostiralero estatu espainiar eta frantziarreko espetxeetara senitarteko eta lagunek egiten dituzten bidaiak.
Era berean, gaur jakin dugu Abokatuek Europara eramango dituztela presoen urruntzearen eta zigor batuketen salaketak. Espainiako Estatuan urrunduta dauden 261 euskal preso politikoen kasuak aurkeztuko dituzte; salaketa bat eramana dute jada, Josetxo Arizkuren-ena.
Honen aurrean Sortuk zera dio alde batetik, espetxe politikaren salaketa herri honetan bakearen alde egin daitekeen inbertsiorik onena dela eta bigarrenik momentua dela eskura ditugun errekurtso juridiko guztiak erabiltzeko egungo espetxe politikaren amaitzeko.
Azkenik, Sortuk, gaur azken ostirala, hainbat herritan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten du.