Asteburu honi begira euskal presoen askatasuna aldarrikatzeko eta batez ere preso gaixoen kaleratzea exijitzeko hainbat mobilizazio antolatu dira:
Bihar, ostirala, SAREk bi mobilizazio antolatu ditu; alde batetik, Santutxun Egunkaria plazatik arratsaldeko 20:00etan abiatuko den manifestazioa, eta egun berean baina Tolosan ere Manu Azkarateren askatasuna exijitzeko antolatu den mobilizazioa.
Larunbaterako ere, otsailak 11, larriki gaixorik dauden euskal presoen etxeratzea aldarrikatzeko SAREk Gasteiz-en eguerdiko 13:00etan Andra Mari Zuriaren plazan kontzentrazioa antolatu du.
Igandean berriz, Ondarrun Ibon Iparragirren egoera larria salatzeko Alamedatik eguerdiko 13:00etan manifestazioa egingo da. Manifestazio hau hainbat eragilek deitzen dute: Danak Etxea, Ernai, Etxerat, Garraxika, Iparragaldubaik, LAB eta Sortuk. Mobilizazio horiekin guztiekin bat egiten du Sortuk eta dei zabal bat luzatu nahi die herritar orori parte hartzera.
Euskal presoen aferan, estatu espainiarrak eta frantziarrak gure herrian zabaldu den aro berriari bide eman beharrean, mendeku eta xantaiari lotutako neurriak baino ez dituzte aplikatzen. Horrela ulertu behar da presoei eta haien senideei aplikatutako dispertsio politika eta, baita ere, gaixo dauden presoen askatasuna ukatzeko politika. Horregatik, Sortuk gaixotasun larri edo sendaezinak dituzten preso politiko guztien berehalako askatzea exijitzen du.