ALBISTEAK

Estefania Beltran de Heredia EAEko Segurtasun sailburuak Arkaitz Rodriguezek torturen inguruan esandakoak erantzun zituen atzo, epaitegiek ez dutela inoiz Ertzaintza kondenatu esanez. Adierazpen honen aurrean, zera gehitu nahi du Sortuk:

Espainiako Polizia Nazionala eta Guardia Zibilarekin batera Ertzaintzak ere torturatu duela ez da Sorturen asmakizuna, Eusko Jaurlaritzak berak horrelaxe adierazten baitu Pako Etxeberriak zuzendu duen torturen inguruko informean.

Barne ministro espainiarrek ere behin eta berriro argudiatu izan dute epaitegiek inoiz gutxitan zigortu dituztela Guardia Zibila eta Polizia Nazionala torturengatik, eta, aitzitik, inork gutxik, ezta Beltran de Herediak ere, jartzen du zalantzan bai Guardia Zibilak bai Polizia Nazionalak torturatu dutenik.

Edozein kasutan, zigor judizial faltak erakusten duen bakarra ez da tortura eza, baizik eta, kasurik onenean, torturak frogatzeko izan diren eta diren zailtasunak, eta txarrenean, justizia aparatuak berak ez ikusiarena egin duela denbora honetan guztian.

Euskal Herrian tortura sistematikoa izan bada, besteak beste, komunikabideen, epaitegien eta klase politikoaren beraren gehiengoaren axolagabetasunari eta kolaborazioari esker izan da. Beltran de Herediarena bezalako jarrera ukatzaileak izan dira tortura ahalbideratu dutenak.

Hainbat, herri honetan, gertatutakoaren gaineko errelato gezurti bat inposatu nahian dabiltzala, biolentzia bakarra ETArena izan bailitzan. Horiei guztiei gustatu ala ez, biolentzia ez du soilik ETAk erabili, ezta hurrik eman ere. Estatuek ere biolentzia erabili dute, eta biolentzia erabilitzen jarraitzen dute, gaurko egunean Estatuena baita indarrean dirauen biolentzia bakarra.

Gatazkaren konponbideak biolentzia eta biktima ororen aitortza eskatzen du: instituzio publikoek herri honetan tortura izan dela onartzea; torturaren biktimak aitortuak eta erreparatuak izatea; eta halakorik berriro ere gerta ez dadin neurriak hartzea. Baina beste ezer baino lehen, Beltran de Herediarenak bezalako jarrera ukatzaileak behin betiko bazterrean uztea eskatzen du, Ertzaintzaren torturak salatu dituzten 407 pertsonekiko mespretxua erakusten dutelako eta konponbidearen aurkakoak direlako.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.