Espainiak Euskal Herria mespretxatu du, mespretxatzen du eta herri gisa ito nahi du. Espainia horrek koartelak ditu bere enbaxada nagusienetarikoak. Eta bere armadak hainbat basakeria egin ditu bertan.
Kuartelen ormak euskal herritarren odolez zikinduta daude. Haietan, atxilotuek bainera, elektrodoak, poltsa, jipoi izugarriak … jaso izan dituzte egun batez, bi egunez, hiruz, hamarrez ere.
Hispanitatearen defendatzaileen eskutik jasotako kolpe horiek guztien zarata belarri parean dugu oraindik ere. Izan ere, milaka herritarroi bihotzean geratu zaigu ubeldua betirako kuarteletatik pasa eta gero. Ez dugu ahaztu ez mina, ezin dugu ahaztu; ezta irentsi ere, urteotan zabaldu izan den gezurra.
Gezurra baita azkeneko 50 urteotan arrazoi politikoengatik atxilotutakoen kontrako torturaren erabilpena oso noizbehinkakoa izan dela; edo funtzionario ustelen praktika hutsa izan dela.
Tortura Estatuaren gerra estrategiaren oinarrizko tresna izan da. Era sistematikoan eta inpunitate osoz erabilia izan dena. Torturaren erabilpena, hamarkadetan zehar, estatuko indar politiko nagusiek, indar errepresiboek eta salbuespen legediek ahalbideratu dute. Eusko Jaurlaritzak, torturari buruzko ikerketaren lehen erroldan 5.600tik gora tortura salaketa erregistratu ditu.
Eta ez gara ari Frankismoaren garaiaz. Datuek argi diote: kasu frogatu gehiago daude 2000ko hamarkadan 70eko hamarkadan baino. Ikerketa honen arabera, 5600 aldiz izan dira torturengatik salatuak Guardia Zibila, Polizia Nazionala eta Ertzaintza.
Salatua izan direnek ordea, ez dute zigorrik jaso oraindik. Nola zigortuko du Estatuak bere burua? Nola aitortuko du, Españaren proiektua bainera eta elektrodoekin inposatu nahi izan dela gure herrian?
Gure esku dago, gu guztion esku, iragana gainditzea. Guk etorkizunari begiratu nahi diogu, euskal errepublika askeari. Tortura, iluntasunetik argira atera nahi dugu, berriz inoiz errepika ez dadin. Sakanan 117 pertsona torturatuak izan gara azken 50 urte hauetan, inork gehiago ez dezan halakorik jasan, jendartea eta erakundeen ardura izan behar da.
Estatuak, tortura sistematikoa izan dela aitortu, errekonozitu eta kalteak erreparatu behar ditu, tortura argitasunera ateraz.
Gaurko ekimen honekin gure memoria, errelatoaren zati hau, kaleratu nahi izan dugu, ahazturak ez bai du etorkizuna eraikitzen.
Gaur inoiz baino ozenago... Gora Herri eta petsona askeak!!!