ALBISTEAK

Azken asteotako agenda politikoa baldintzatu dute gertaera ezberdinek: Bake Prozesua indartzeko Foro Soziala, Giza Eskubideen Auzitegi Europearrean atzo izandako auzi saioa, EAE legebiltzarrean bake ponentzia eratzeko aurreko asteko saio antzua edota bihar legebiltzar horretan bertan burutuko den gatazkaren konponbidearen inguruko saio monografikoa.

Gertaera ezberdinok herri honek azken urteotan bizi duen errealitatea islatzen dutela deritzo SORTUk: gatazka politikoaren behin betiko gaindipenerako gehiengo sozial eta politiko baten apustuak, borondateak eta konpromisoak sorturiko errealitatea. Baina ere berean, Madrilen agindupean normalizazio politiko eta demokratikoan edozein urrats oztopatu eta saboteatu nahi duen gutxiengo batek baldintzatu nahi duen errealitatea.

Gertaera jakin batek ikuspegi orokorra estal dezakeen egoera honetan, SORTUk adierazi nahi du baldintza nahikoak badaudela gatazkaren konponbide osorako elkarrizketa prozesu bat gauzatzeko, bere osotasunean eta bere ondorio guztiekin:


• Aieteko Adierazpenak zehazturiko bide-orri bat badago.
• Europa eta Europatik kanpoko hainbat herrialdek Euskal Herriak bizi duen gatazkari amaiera modu ordenatu batean emateko laguntza eta prestutasuna azaldu dute.
• ETAk adieraziriko borondate irmo bat dago, gatazkaren ondorioen inguruko
elkarrizketak abiatzeko Estatu espainiar eta frantziarrarekin.
• Gehiengo sozial bat dago elkarrizketa begi onez ikusteaz gain, eragile guztioi ardura exijitzen diguna. SORTUren ustea da Euskal Herrian emandako aldaketa ulertzeko Estatuaren eta bere klase politikoaren ezintasuna medio, estatuaren blokeo estrategia ez dagoela bere helburuak lortzen ari. Herri honek argi du aitzakia eta blokeoaren faseak amaitu egin behar duela eta euskal jendartearen borondatea ezin dela gutxietsia eta boikotatua izan.

Euskal jendarteak espazio barneratzaileak nahi ditu, indar politiko guztien arteko oinarrizko adostasunak lortu eta bake eta demokrazia marko bat egonkortu dadin.
Euskal jendarteak apustu eta borondate argia du eta SORTUk erabateko konbentzimendua du: konponbidearekiko babes sozialak eta nazioartetik komunitatearen lana erabakigarriak izango dira prozesuaren egungo parametroak mugiarazteko.

Ondorioz, SORTUren iritziz euskal jendarteak izan behar du konponbide prozesuaren protagonista nagusia eta era berean, aurreko astean buruturiko Foro Sozialean argi ikusi bezala, nazioartetik jasoko diren ekarpen zein esperientziak garrantzi handikoak izango dira prozesuaren garapenerako. Zentzu horretan, konponbide prozesua gatazkaren esparru geografiko eta sozial osoan burutu behar da.

Prozesuak ezinbestekoa izango du, egia osoaren ezagutze eta eragile guztiek gatazkan izandako ardura onartu eta aitortzea; Estatuen aldetik ematen den inposizioa eta eskubide urraketa gainditu beharko du eta gatazkaren konponbiderako elkarrizketa politikoa ezarri beharko du, Euskal Herrian pairaturikoa ez errepikatzeko berme gisa.

Azkenik, SORTUk bere prestutasun eta borondate osoa adierazi nahi du konponbidearen aldeko ekimen guztietan ekarpen burutzeko, bai izaera sozialeko horietan, bai eta instituzio ezberdinetan garatuko diren horietan.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.