ALBISTEAK

Munduaren luze zabalean burutu diren gatazken konponbiderako prozesu ezberdinak baliagarriak izan zaizkigu Euskal Herrian, gure herriak pairatzen duen gatazka politiko historikoari behin betiko aterabide integral bat emateari zuzenduriko prozesu eredu bat diseinatzeari begira.

Gaur egun, nazioarteko agertokian adibide berriak aurkitzeko parada dugu, baldintzarik gogor eta zailenetan ere konponbide prozesuak garatzeko erreferentziak ez dira falta.

Iragan astea aberatsa izan da zentzu horretan:

  • La Habanan Kolonbiako gobernuarekin burutzen ari diren elkarrizketetan aurrerapausoak iragarri zituen FARCek.
  • Newroz-en testuinguruan eta Diyarbakir-en bilduriko ehunka milaka lagunen aurrean, PKKren errepliegea eskatzen zuen Abdullah Ocalan-en mezua irakurri zen. Bi egun beranduago, PKKk su etena iragartzen zuen. Erabaki hau Turkiako gobernua eta PKKk abiaturiko negoziazio prozesuan kokatu beharra dago.
  • Eta Euskal Herritik gertuago, eskoziarrek erreferendum bidez Eskoziaren independentziaren inguruan erabakiko duten data zehaztu zuten London eta Edinburgok. 2014 irailaren 18 egutegian gorriz markaturiko eguna da. Egun horretan, demokrazia ariketa baten bidez, Eskoziak bere etorkizunaren inguruan erabakiko du.

Hiru adibide horiek berriro ere agerian uzten dute mundu osoan gatazken konponbiderako bide unibertsala aplikatzen dela: elkarrizketa, akordioa eta bereziki, demokrazia. Nahiz eta prozesu bakoitzak berezitasunak izan, guztiek dauzkate oinarri eta arau komun batzuk: elkarrizketa, negoziazioa eta aldeen arteko akordioa.

Euskal Herriko kasuan eta azken asteotan behin baino gehiagotan errepikatu dugun arren, bere baitan mantentzen da nazioarteko komunitatearen borondatea konponbide prozesuan lagundu eta ekarpena egiteko:

  • Europa eta Europatik kanpoko hainbat herrialdek Euskal Herriak bizi duen gatazkari amaiera modu ordenatu batean emateko laguntza eta prestutasuna azaldu dute.
  • "Bakearen bidean, presoen eskubideak errespetatu" delako adierazpena eman zen ezagutzera atzokoan. Adierazpen horretan, giza eskubideen defentsan eskarmentu handiko 12 lagunek deia luzatzen zioten Madril eta Parisi darabilten espetxe politika alboratzeko.
  • Bihar bertan Europako Parlamentuan "Prisonners: key to peace?" izenburuko konferentzia burutuko da, Basque Friendship-ak eta ALE-Berdeak Taldeek antolaturik. Prozesu ezberdinetan presoek jokaturiko rola aztertuko da konferentzian.

Estatu espainolaren jarrera itxiarekin bat ez datorren posizioa du nazioarteko komunitateak: Nazioarteko komunitatearen iritziz gatazken konponbiderako elkarrizketa, akordio eta demokraziaren bide unibertsala erabat aplikagarria da Euskal Herrian ere. Azken finean, nazioarteko komunitateak badaki prozesuak eta elkarrizketak ez dutela alternatibarik.

Amaia Izko: Bada garaia PPk gerra estrategia alboratu eta onartzeko euskal jendartearen borondatea ezin dela gutxietsia eta boikotatua izan

Nazioartean gatazka ezberdinen konponbide prozesuetan urratsak ematen ari diren bitartean, Euskal Herrian irekiriko agertoki berriaren aurrean blokeo jarrera mantentzen du Estatu espainiarrak. Azpimarratzekoa da egungo agertoki honen eraikuntzan nazioarteko inplikazioa.

Estatu espainiarrak blokeo estrategia bat mantentzen du eta era berean, Euskal Herritik edo nazioartetik burutzen diren proposamen edota ekimenen aurrean ezikusiarena egiten du eta ez gutxitan, mespretxuzko jarrera ere hartzen du.

Blokeo estrategia hori ukazioan eta eskubide urraketan oinarritzen da, oinarri nagusia PPk euskal preso politikoei ezartzen dien espetxe politika kriminala delarik.

Espetxe politika basati horren adierazle da Jabi Martinez Izagirre euskal preso politikoaren kasua. 2010eko irailetik kalean beharko lukeen arren, 197/2006 dotrina ezartzearen ondorioz espetxean jarraitzen du. Gutxi balitz, Jaen-en dute preso. Asteburu honetan bisitatik bueltan zetozen lagun batzuk auto istripu larria izan dute. Hori da PNVk PP eta PSOErekin adosturiko oinarri etikoa.

Abian den prozesua blokeatu asmoz, euskal preso politikoen senide eta lagunekin erruleta errusiarrera jokatzen jarraitzen du PPk eta bitartean, esparru ezberdinetan presio itzelak burutzen ditu Europako Giza Eskubideen Auzitegian 197/2006 dotrinaren inguruko epaia berretsi ez dezan.

Eta guzti hori, zertarako? Elkarrizketa politiko agertoki bat ekiditeko. PPk badaki argudioetan galtzaile dela agertoki horretan eta bere posizioak gutxiengo batek soilik babesten dituela. Horregatik tematzen da PSOErekin batera nazioartean onartua den eta ariketa demokratikoa baino ez den erabakitze eskubideari aurre egiten. Horregatik ere, eta proiektu espainiarra indarrez inposatzen duten bitartean, eusten diote gatazka politikorik ez dagoen diskurtsoari.

Horrela bada, deia luzatu nahi diogu Rajoy eta Basagoitiren Alderdi Popularrari: atera daitezela lubakitik eta behatu eta aztertu dezatela nazioarteko testuingurua. Badu garaia PPk jarrera demokratikoetara eboluzionatzeko eta herri borondatea errespetatuko duela adierazteko. Bada garaia PPk bere gerra estrategia alboratu eta onartzeko euskal jendartearen borondatea ezin dela gutxietsia eta boikotatua izan.

SORTUren iritziz babes soziala eta nazioarteko komunitatearen lana erabakigarriak izango dira prozesuaren egungo parametroak mugiarazteko eta konponbide eta eskubide aitortza eta errespetu agertoki baterako bidea urratzeko.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.