ALBISTEAK

Euskal Herriko hedabide ezberdinetan atzo zabalduriko Euskadi Ta Askatasuna erakundearen agiriaren inguruan, honako balorazioa burutu nahi du SORTUk:

Lehenik eta behin, gatazka politikotik eratorririko ondorioen konponbidea erdiesteko ETAK elkarrizketarako duen borondate eta konpromiso argia berresten da atzo kaleraturiko agirian. Azken urteotan ETAk jarrera hori publikoki adierazi du hainbat bider eta agirian adierazten duen moduan, jarrera horren berri badute beste bide batzuetatik ere Estatu espainiar eta frantziarreko gobernuek.

Azken asteotan zabalduriko berriak baieztatuz, agerian geratzen da PPren gobernu espainiarraren konponbide eta bakearen aurkako jarrera. Era guztiz arbuiagarrian, elkarrizketak burutu ahal izateko marko bat desegiteko ahalegin guztiak egin dituzte, gatazkaren ondorioen konponbideari ekin beharrean ukazio eta bortxazko betiko estrategian mantenduz.

Konponbide prozesua blokatu eta luzatzearen bidez, konponbiderako eta bakerako aukera zapuztea du xede PPk. Horretarako, eztabaida politikoaren parametroak faltsutzen saiatzen da, eztabaida ETAk jardun armatua amaitu izan ez balu moduan planteatuz.

Zentzu horretan, tamalgarria da EAJren jarrera. Interes partidistak lehenetsiz, PPren soluzio ezaren estrategiari oxigenoa ematera zuzentzen du bere jarduna. Bere immobilismoan eroso sentiarazi nahi du EAJk PP, presio guztia gainetik kenduz.

Konponbidearen alde jarduten duten Euskal Herriko eragileekin elkarlanean aritu beharrean, gatazkaren iturri den herri honen ukazioa mantentzen duen PPrekin elkarlana lehenesten du EAJk.

Azkenik, konponbiderako parez-pare dugun aukera probesteko seriotasunez eta arduraz jarduteko deia luzatu nahi die SORTUk gobernu espainiar eta frantziarrei zein Euskal Herriko eragile politiko eta sozialei:

• Konponbiderako elkarrizketak burutzeko baldintzak emanak daude: ETAren borondatea argia da eta Europa eta Europatik kanpoko hainbat herrialdek Euskal Herriak bizi duen gatazkari amaiera modu ordenatu batean emateko laguntzeko prestutasuna azaldu dute.
• Bi gobernuek eta edukiei erreparatu gabe ETAren agiriari aurrez prestaturiko erantzuna eman dioten eragile guztiek, jakin badakite elkarrizketa dela konponbiderako gakoa eta beraz, elkarrizketaren aurkako jarrerek konponbidea zaildu eta atzeratu baino ez dutela egiten.
• Horrela bada, konponbiderako aukera probesteko euskal jendarteak luzatzen duen exijentziari arduraz erantzuteko deia luzatzen diegu guztiei.
• Dei berezia luzatu nahi dio SORTUk EAJri, PPrekiko menpekotasunak alboratu eta konponbiderako, eskubide guztien onarpen eta errespeturako eta bakearen eraikuntzarako Euskal Herri osoko hainbat eragile burutzen ari garen lanera batu dadin.

2013ko martxoak 27

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.