ALBISTEAK

Pernando Barrenaren adierazpenak Iruñean Aberri Egunean:

Gure herriarentzako hain data seinalatuan, Aberri Egunean, lehenik eta behin atzo zenduriko Xabier Lopez Peña preso politikoa ekarri nahiko genuke gogora. Gatazka luzatzeko Estatu espainiar eta frantziarrak darabilten politika ankerraren ondorioz hil da Xabier.

Testuinguru oso berezi batean ospatzen dugu gaurko eguna eta testuinguru honetan, honakoa adierazi nahi du SORTUk: Independentzia aldarrikapen bat baino gehiago da, independentzia ezinbesteko tresna da gure herriak bizi duen emergentzia nazional, sozial, politiko, ekonomiko eta demokratikoari aurre egin ahal izateko.

Independentzia ariketa demokratiko baten ondorio gisa ulertzen du SORTUk. Eskozian bezala, herritarrei dagokie erabakia. Euskal herritarrei ere badagokigu gure geroaren jabe izatea, gure etorkizuna era aske eta demokratikoan erabakitzea.

Proiektu politiko espainiar eta frantsesa indarrez inposatzen diguten bi estatu dauzkagu parez pare ordea. Gatazka politikoa konpontzeko aukeraren aurrean, elkarrizketarako baldintza guztiak daudenean, ETAk bere borondate argia behin eta berriz adierazi duenean, Madrilek eta Parisek blokeo eta sabotaiarekin erantzuten diote gure herriaren gehiengoaren eskaera eta aldarrikapenari. Gobernu espainiar eta frantsesa herri honen hitzaren beldur dira.

Horrela bada, dagokigun erabakitze eskubidea eskuratzeari begira indarrak metatu, konpromisoak indartu eta elkarlana aktibatzeko deia luzatzen diegu herritar eta eragileei. SORTUk prestutasun osoa du prozesu demokratiko hau bururaino eramateko.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.