ALBISTEAK

Lehenik eta behin, SORTUren izenean, gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu Xabier Lopez Peñaren-ren senide eta lagunei.

Xabier-en senideekiko frantziar administrazioak (presondegiak, ospitaleak, polizi prefetak) izandako jarrera ankerra salatu nahi dugu. Gertatutakoaren inguruan azalpen eta egia osoa eman behar dute agintari frantziarrek.

Inolako zalantzarik gabe, Estatu frantziar zein espainiarrak euskal preso politikoei ezartzen dieten espetxe politika kriminalaren ondorioa da Xabier Lopez Peña-ren heriotza.

Horrela bada, berriro horrelakorik errepika ez dadin, deia luzatu nahi diogu Gobernu frantziarrari:
• Gaixorik dauden presoak aske uztea.
• Baldintzapeko askatasunerako baldintzak betetzen dituzten presoak kaleratzea
• Euren legedi propioa errespetatuz, dispertsioarekin amaitzea
Baina ere berean, gatazka luzatzeko Estatu espainiar eta frantziarrak darabilten politika ankerraren ondorioz hil da Xabier. Konponbiderako aukera zapuztearren blokeoaren eta gatazka luzatzearen hautua egiten dute Madrilek eta Parisek, horrek dakartzan ondorioekin. Erabat tamalgarria Estatu frantziarrak Espainiarekiko gatazkaren konponbide prozesuarekiko duen erabateko lerrokatzea.

Gatazkaren konponbiderako aukera ordea, zabalik dago, testuinguruak adierazten duen moduan:
• ETAren borondate eta disposizio osoa gatazkaren ondorioei dagozkion elkarrizketak burutzeko.
• Nazioarteko komunitatearen sostengu eta babesa prozesua bururaino eramateko.
• Ipar Euskal Herrian, kolore guzietako eragile politikoek haien konpromisoa adierazi dute, Baionako Adierazpenaren bidez, elkarrizketak burutzeko. Gatazkaren ondorioei dagokionez, aurrerapen eta urratsen beharra azpimarratu dute eragile guzti horiek, bereziki presoen inguruan.
• Euskal Herri osoko jendartea, bakearen bidean mobilizatua eta engaiatua dago, hori delarik blokeoen gainditzerako gakoa. Horren adibide ditugu azaroaren 10 eta urtarrilaren 12ko Baiona eta Bilboko mobilizazio erraldoiak, abenduan Baionan buruturiko Bake Foroa edota berriki Iruñea eta Bilbon buruturiko Bake prozesua indartzeko Foro Soziala.
Egoera honetan bada, SORTUk honako deiak luzatu nahi dizkio Estatu frantziarrari:
• Lehenik eta behin, Christiane Taubira justizia ministroari: Preso politikoen auzian, legea errespeta dezala eta beraz, sakabanaketarekin amaitu, gaixorik dauden presoak askatu eta baldintzapeko askatasunerako baldintzak betetzen dituzten presoak kaleratzea.
• Bigarren deia, Frantziako Errepublikako presidente den François Hollanderi: Arduraz jokatzeko deia luzatzen diogu. Gatazka politikoa behin betiko gainditzeko aukera historikoaren aitzinean dagokion arduraz aritu dadila.
Azkenik, Herrira mugimenduak deiturik bihar Bilbon burutuko den mobilizazioari sostengu osoa adierazi nahi dio SORTUk eta deialdia luzatu nahi die herritarrei manifestazioan parte hartzeko.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.