ALBISTEAK

SORTUK torturaren praktika arbuiagarria salatu nahi du berriro ere. Nazioarteko eragile batek berriki agerian utzi duena.

Torturaren Prebentziorako Batzorde Europarraren 2011ko txostenaren edukiaren irakurketa beldurgarria gertatzen da Estatu espainolari dagokionean, bertan "sendo eta sinesgarritzat" jotzen baitira urte horretan jazotako tortura lekukotasunak, tartean Beatriz Etxebarriak ziegetan jasotako bortxaketarena.

Behartutako aitorpenak lortzeko torturaren erabilpena modu jarraituan eman da Euskal Herrian azkeneko hamarkadetan. Ehundaka lagunek salatua izan da.

Salaketa horiek denetariko oztopoak aurkitu dituzte beti maila judizialean, eta horrela Estatu espainola zigortua izan da hiru alditan gutxienez Europako Giza Eskubideen auzitegiaren aldetik; alderdi politikoen gehiengoaren erantzuna oso pasiboa izan da. Tortura salaketen kontrako posizioa jarrera "antiterroristarekin" lotu dutelako.

Hori dela eta, beharrezkoa da berriro ere euskal atxilotuen kontrako torturaren erabilpena salatzea. Zirkunstantzia hau mespretxagarria eta salagarria izan da beti, eta bake eta normalizazio prozesu betean gaudela are arbuiagarriagoa.

Modu berean beharrezkoa da Gobernu espainolaren posizioaren gainera arreta deitzea. Ez bakarrik Torturaren Prebentziorako Batzorde Europarrak exijitzen dizkion giza eskubideen kontrol eta babeserako neurriak martxan jartzen ez dituelako polizietxeetan, baizik eta tortura eta tratu txarrengatik aurkeztutako salaketek aurrera egitea ezinezko egiten duelako.

Gauzak horrela, beharrezkoa da alderdi guztiek -bereziki PP, PSOE eta UPN eta PNVk gobernu alderdiak diren edota izan diren aldetik- ekitea tratu txarrak eta torturak polizietxeetan ezabatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko, bide batez polizia ereduari horretarako beharrezkoa den aldaketa emanez.

Azkenik, Gobernuko alderdioi, PPri Madrilen eta PNVri Gasteizen deia egin nahi diegu tratu txarrak eta torturak ezabatuko dituzten protokolo eta neurriak martxan jar ditzaten. Praktika arbuiagarri horren aurka bitarteko publiko guztiak erabiliz borrokatzeko, eta baita Torturaren Prebentziorako Batzorde Europarrak egindako gomendio guztiak aintzat hartzera lehenbailehen

 

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.