ALBISTEAK

Pasa den astea Ondarruko gertakariek markatu dute eta gure ustez balorazio orokorra egitea beharrezkoa da etorkizunari begira denok ikasi dezagun.

Berriro ere bakearen etsaien agerraldi baten aurrean gaudela esan genezake. 2011ko urriko aurreko egoerara bueltatzearekin amets egiten dutenek eragin duten egoera baten aurrean gaude eta multzo horretan kokatzen dira Urtza Alkorta bortxakeria erabiliz eraman zutenak, horrela jokatzeko agindua eta babesa eman zietenak, Urtza Alkorta torturatu zutenak, bere atxiloketa gertatu zen bitartean oinarrizko bermeak zaindu ez eta ziegetako grabazioak ustez "galdu zituztenak", eta jakina, justizia administrazioaren erabilpen politikoa egiten dutenak disidentzia politikoa zigortzen jarraitzeko.

 

Hori guztia salagarria litzateke edozein zirkunstantziatan baina are larriagoa da agertoki politiko berrian, hori guztia egiten delako bake prozesua eragozteko eta euskaldunon artean izua zabaltzeko. Agertoki berria baldintzatzeko bortxakeria erabiltzeko zalantzarik ez dute Estatu aparatuek eta Ondarruko kasuaren inguruko zirkunstantzia guztietan nabarmen geratu da hori: batetik bortxakeria nork erabiltzen duen erabaki judizial ezbidezkoak inposatzeko poliziaren indarraren bidez, eta bestetik nork egiten dion aurre horri duintasun eta erresistentzia pasiboaren bidez.

Behin berriro ere Estatu espainolak bere ezintasuna erakutsi du bitarteko demokratikoak erabilita Aieteko Bake Konferentziak ireki zuen aukera bere egin eta probetxua ateratzeko. Gatazkaren ondorioei irtenbidea emateko eta gatazka politikoari konponbide integralaren bidean kokatzeko euskal gizartearen gehiengoak Madrili egiten dion elkarrizketa eskaintzari bortxakeriaren bidez ari zaio erantzuten, aktibitate politikoaren kriminalizazioari eutsiz eta joko politikoa galaraziz.

Egoera honen aurrean guk desobedientzia zibil baketsua txalotzen jarraituko dugu. Esan zuen Montesquieu-k "Legeen itzalpean eta justizia itxuraz egiten dena baino zapalkuntza okerragorik ez dagoela" eta justizian eta demokrazian sinesten dugun herritarrok, legalak izan arren, erabateko gehiegikeriak diren agerpen horien guztien aurka errebelatzeko betebeharra dugu. Donostia eta Ondarruko Askeguneek irekitako bidea eta parte hartzaileek izandako jarrera eredugarriak dira, eta etorkizunean etorri litezkeen gehiegikeriei aurre egiteko molde demokratiko eta duintasunez beterikoak dira.

Esijitu nahi diegu orain artean bakearen etsai gisa aritu diren gobernuei eta beraiek babeste dituzten alderdi politikoei blokeo saiakerak eta aitzakiak bertan behera uzteko. Alferrik ari dira; euskal gizartea eta nazioarteko komunitatea ere erabakitzaileak izanen dira bake prozesua aurrera ateratzeko eta azkeneko helbururaino eramateko orduan. Ez dago euskal herritarren bake nahiaren determinazioa suntsituko duen ezer, ez hemen ez Euskal Herritik kanpo ere.

Esan nahi dugu PNVren jokabidea guztiz salagarria izan dela Ondarrun gertatutakoaren testuinguruan. Urkullu lehendakaria guztiz laua, etsigarri eta saldua ageri zaigu. Bere inhibizioa tarteko sukalderaino sartzen uzten die bakearen etsaiei normalizazio prozesua bideraezina gertatu dadin egiten ari diren ahaleginean.

Hala ere, izandako hika-mika guztitik haratago, guretzat eztabaida ez da 400 ertzain bidali izana atxiloketara -hori ere bai, jakina-, guretzat funtsezkoa dena da PNVk ez duela ez planik ez proposamenik arrazoi politikoengatik euskal herritar gehiagoren beste atxiloketarik egon ez dadin aurrerantzean. Eta hori bera galdetu nahi diegu jeltzaleei: zein da PNVren proposamena arrazoi politikoengatik euskal herritar bat bera gehiago ere atxilotua izan ez dadin? Diskrezioa? Bai zera!

Molde zaharrei eusteko PNVk xahutzen dituen ahaleginak dira SORTU kezkatzen dutenak. Lehen ETAren jarduera zen PNVk baliatzen zuen aitzakia; orain, ETAk jarduera armatuari amaiera eman zionetik urte t'erdi pasa denean berdin jarraitzen du: Maltzagari bizkar eman eta Madrilen sostengua izan Euskal Autonomia Erkidegoan. Garai berri hauetan EAJren interesak Madrili begira jarraitzen du, herri honen gehiengoaren iparrorratza gatazkaren konponbidean aurrerapausoak emateari begira dagoenean.

PNV azken 40 urteotako joko arauak aldatzeko planik gabe dago, egungo menpekotasunean jarraitzeko borondate hutsarekin. Eta herri honek, eta ez SORTUk bakarrik, bere hausnarketaren premia eskatzen dio behin eta berriro egoera berrian kokatu dadin eta bere ahalegina bake prozesua eta normalizazioaren aldeko jardunean jartzeko behingoan.

Azken hausnarketa telegrafiko batekin bukatu nahi dugu.
Ondarrun –Urtza Alkorta atxilo eraman bazuten ere- injustiziari eta bortxakeriari duintasunez eta era baketsuan aurre egin zioten guztiek/guztiok irabazi dugu.

Bakearen etsaiek horrela nahiko balute ere, jai daukate: Ezker Abertzaleak bake prozesuaren alde egin duen apustuak aurrera egingo du kosta ala kosta.

Blokeo saiakerak alferrik izango dira. Testuinguru honetan erronka daukagu bakean sinesten dugunok prozesua bideragarri eginen duten ekimenak sortu eta babesteko, eta guk bide hori lehenetsiko dugu.

Herri honengan sinesten du SORTUk eta erabateko ziurtasuna daukagu herritarren babesak normalizazio prozesua aurrera aterako duela; Euskal Herria gatazka politikoaren konponbidea lortzera doa eta bere etorkizuna libreki erabaki ahal izanen du, ez daukagu inongo zalantzarik.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.