ALBISTEAK

Maria Atxabal torturatzeagatik espainiar estatuak jasoriko zigorraren inguruan, honakoa adierazi nahi du SORTUk:

• Azken hilabeteetan, Estatu espainiarra hainbat bider izan da zigortua euskal herritarrak torturatu edota tortura salaketak ez ikertzeagatik.
• Kasu honetan, Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen batzordeak zigortu du Estatu espainiarra, Maria Atxabal euskal herritarrak 1996ean Guardia Zibilaren esku jasandako torturengatik. Era berean, torturari eta torturatzaileen inpunitateari bide ematen dion inkomunikazioa bertan behera uzteko eskatu dio Madrili.
• Sententzia guzti hauek eta azken hamarkadetan milaka euskal herritarrek eginiko salaketek argi adierazten dute Estatu espainiarrak eta bere menpeko indar polizialek tortura sistematikoki erabili dutela euskal herritarren aurka. Euskal Herriaren aurkako gerra estrategiaren oinarrizko tresna izan da tortura.


• Era berean, SORTUk salatu nahi du torturaren bidez lorturiko adierazpen eta inkulpazioak direla Entzutegi Nazional espainiarrak abiaturiko hainbat sumarioren oinarri bakarra. Sumario horietako hainbat auzibidean dira oraindik eta hainbat lagun espetxean dira salbuespenezko auzitegiek ezarririko zigorrak medio.
• Horrela bada, SORTUk deia luzatzen die Alderdi Popularrari eta EAJri Guardia Zibil, Polizia Espainiar eta Ertzaintzaren prozeduretatik inkomunikazioa behin betiko alboratzeko.
• Azkenik, SORTUren iritiziz azken hamarkadetan Euskal Herrian eta euskal herritarren aurka burutu diren eskubide urraketa guztien inguruko bilduma osatu beharra dago. Egia osoaren baitan eraiki ahal izango da soilik "zoru etiko" delakoa, kontakizun partzial interesatuak alboratuz.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.