ALBISTEAK

Foro Sozialak astelehenean iragarritako gomendioen proposamenak agenda politikoaren erdigunean kokatu dira, eragile guztien jarrerak eraginez.

Astebete beranduago, Sortuk berretsi nahi du batetik pasa den asteartean egindako irakurketa: gomendioak erreferentzia egokia dira gatazkaren ondorioen inguruan aritzeko eta, gure aldetik, prest gaudela eztabaida horretan parte hartzeko gure planteamendu propioarekin. Era berean adierazi nahi dugu, ez gatozela bat %100ean gomendioekin.

Modu berean, hainbat ondorio gehitu nahi dizkiogu irakurketa horri: batetik, bakearen aurkako sektoreak (politikoak, mediatikoak, ekonomikoak, judizialak, militarrak) badute agenda bat prozesua zapuztea bilatzen duena eta kasu honetan ere, Foro Sozialaren ahalegina desitxuratzen ahalegindu dira. Zeregin honetan aritu da PSE alderdia ere. Sorturen iritziz, bakearen etsaiekin bidea egitea erabakitzen duenak badaki herri honen aurrean porrot nabarmena egingo duela.

Aipatzekoa iruditzen zaigu bestalde, EAJ alderdiaren jarrera, gomendioen balioa azpimarratuz. Sorturen aldetik positiboki baloratzen dugu alderdi jeltzalearen postura eta horrela adierazi nahi dugu publikoki.

Sorturentzat lehentasuna gatazka gainditzeko urratsak egin eta akordioak burutzea da eta hori izan beharko luke –horrela pentsatzen dugu- eragile guztiena ere: ez da norbere proiektu politikoa mahai gainean jartzeko garaia, gatazka konpontzeko garaia da eta norabide honetan elkarrekin eman ditzakegun urratsak positiboki baloratu eta tratatuko ditu Sortuk.

Foro Sozialaren gomendioen bitartez guztiok izan gara deituak ariketa honetan parte hartzera eta Sorturen aldetik prest gaude parte hartzeko arrazoi batengatik: Bakearen eraikuntza eta behin betiko erabakiena guztion artean egin beharreko ariketa dela pentsatzen dugulako, herri gisa egin beharreko ariketa da, konpromiso kolektiboa eskatzen duena. Hor kokatzen dugu gure burua horretarako prest dauden guztiekin.

Modu berean positiboki baloratu nahi dugu Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren iragarpena Foro Sozialaren gomendioak aztertu eta horren araberako bere ikuspuntu eraikitzailea emateko; preso politikoek bakearen eraikuntza eta soluziobidearen ezinbesteko partaide izan behar dute. Presoek egin beharreko hausnarketak bakebidea sustatzeko helburua dauka eta zentzu horretan, baldintza berriak eman behar zaizkio kolektiboari eztabaida hori burutu dezan, lehenbailehen euskal presoak Euskal Herriko espetxeetan bilduz eta eztabaida burutu ahal izateko erraztasunak emanez, euskal eragile ezberdinekiko kontaktua barne.

Bukatu nahi dugu esanez estatuek indar handia dutela, oso handia, baina gure herriaren aurrean ez daudela indartsu, oso ahul baizik. PPk badaki Euskal Herrian gatazkaren konponbidean aurrera egiteko borondate irmoa dugula, ibilbide bat egiten ari garela eta herri gisa gehiengo batek babesten duela gatazka behin betikoz konpontzeko asmoa. Foro Sozialak eskaintzen digun baliabidearen bitartez prozesua aurrera doa eta horrek are indartsuago bilakatzen du herri hau eta are ahulago bakearen aurkako indarrak.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.