ALBISTEAK

Gaurko honetan, Sortutik heldu nahi diogu foruen deuseztatze prozesuaren hika-mikari, gure ustez hori delako, hain zuzen ere, kontzertua/hitzarmenari buruzko ustezko debateak finean bilatzen duena.

Horretarako, gure abiapuntua argia da: Sortu alderdi independentista da, Euskal Herriarentzat independentzia defendatzen duena, alegia.

Eta horrela egiten dugu pentsatzen dugulako independentzia dela gure herriak mundu globalizatuan bizi irauteko formula bakarra.

Horrela egiten dugu pentsatzen dugulako burujabetza dela euskal herritarrok herri gisa aurrera egiteko dugun berme bakarra. Burujabetza politikoa, soziala zein ekonomikoa.

Horrela egiten dugu, azken finean, independentzia delako herri batek izan dezaken askatasun mailarik gorena eta hori da, hain zuzen ere, gure herriarentzat nahi duguna: Bere buruaren jabe izan dadin eta bere erabakiak eta jarduera politikoa mugarik gabe garatzeko gaitasuna izan dezan.

Zentzu horretan, gaurko testuinguru politikoan mito forala gezur hutsa dela azpimarratu nahi dugu. Foralitatearen forma duten eskubide historikoak herri honek garai batean izandako eta indarrez ebatsiriko burujabetzaren arrastoak baino ez dira. Beraz, hitzarmena/kontzertu formatua, estatuaren interesen menpe euskal herritarron interesak jartzen dituena, ez da gurea.

Are gutxiago, gure lurraldean lortutako errekurtsoak erabiltzen direnean armada, polizia, erretetxea, enbaxadak eta estatuko zorrak, mantentzeko. Gure herriari libre izatea galarazten dion superestrukturan, hitz batean esanda.

Horregatik, independentistok argi eta garbi diogu kontzertu/hitzarmen Estatu espainiarrekin barne harreman eredu bat den heinean, formatu horrekin apurtu nahi dugula. Guk Estatu espainiarrarekiko defendatzen dugun harreman modelo bakarra, loturak ahalik eta azkarren apurtzea ahalbideratuko diguna besterik ez da.

Gure ustez, oso esanguratsua da eztabaida hau posizio zentralista atzerakoietatik abiatzea, hain zuzen ere Euskal Herriko zein Kataluniako aldarrikapen soberanistek estatu espainoleko marko konstituzionala gainditu dutenean; Katalunian gehiengo politiko eta soziala independentista gisa agertu denean eta Euskal Herrian konponbide prozesua azken muturreraino eramateko erabakitze eskubidea gako gisa kokatzen duenean herritarren gehiengoak.

Argi dugu eztabaida horrela planteatzeak errealitate soberanista horri aurre egiteko duela helburu. Adierazgarria da errealitate katalanetik geroz eta urrunago dagoen politikari batek plazaratzea, bere herrikideei soluzioak emateko ezintasun politikoa estali nahian.

Kataluniako politikan sartzeko asmorik gabe, bi gauza azpimarratu nahi ditugu:

  • Lehenik eta behin, gure elkartasun osoa adierazi nahi dugu eta beti adieraziko dugu, herritar kataluniarren erabakitze eskubidearen nahiarekiko. Independentziaren aldeko euren borrokarekin bat egiten dugu.
  • Eta bigarrenez, mezu bat helarazi nahi diegu kataluniarrei: Espainiarekiko Kataluniaren menpekotasun politikoa eta honek dakarren espoliazio ekonomikoa, ez da kontzertu/hitzarmen baten formularekin konpontzen. Ez daitezela engainu horretan erori. Horrelako formula batek Katalunia Espainiari lotuta mantentzeko besterik ez du balio.

Konponbidea beste zerbaitetan datza, bai Herrialde Katalanentzat bai Euskal Herriarentzat. Konponbidea eta etorkizuna burujabetza politiko zein ekonomikoan datza. Politikoki nahi dugun eran antolatzeko independentzian datza. Eredu sozial justuago eta babesleago bat hautatzeko independentzian datza.

Eta hori ezin digu Estatu espainiarrak eskaini. Hori da Espainiak kentzen diguna, hain zuzen ere. Eta kontzertu/konbenioak, Espainiaren menpe egoteko modu bat den heinean, menpekotasuna mantentzeko besterik ez du balio. Beraz, ezin dugu onartu. Hori da gure posizioa: ez dugu onartuko gure burua Espainian egon ala ez egotea erabakitzeko galaraziko digun formula, federala izan ala dena delakoa izan. Eta ez dugu onartuko higiene demokratikoarengatik.

Nafarroako biztanleak zentralismo espainiarraren kontra eta askatasun foralak defendatzeko kalera atera ziren Gamazadaren 120. urteurrenean, esan nahi dugu ere: Ez dugu onartuko gure erabakitzeko eskubidearen kontra, inboluzioaren eta foruen deuseztatzearen mehatxuak erabiltzea.

Madrilekin eta Pere Navarrorekin batera bide hori egin nahi dutenek jakin behar dute, aurrez aurre bere askatasunaren defentsan herri oso bat topatuko dutela, Ezker Abertzalea barne, noski.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.