ALBISTEAK

Polizia frantsesak Jokin Aranalde eta Beñat Atorrasagasti iheslariak atxilotu ditu gaur goizean Ipar Euskal Herrian. Atxiloketa hauen bidez Gobernu frantziarrak erantzun tamalgarria eman dio iheslariek konponbidearen alde erakutsitako prestutasunari.

Espainiaren ildo beretik doala Frantzia agerian geratzen da atxiloketa hauen kasuan. Frantziak, Espainiak egin bezala, Aieteko Bake Konferentziak eta ETAren erabakiak irekitako konponbiderako aukerei muzin egiten die eta nahiago du errepresio eta sufrimenduaren gurpil zoroaren eskeman jarraitu gatazka politikoan dituen erantzukizunak ezkutatu nahian.

 Polizia-bideak erabiltzen jarraitu asmoa dutenek hala nola Euskal Herriaren aitortza politikoa ukatzen dutenek jakin behar dute gatazkaren konponbidean sakontzeko prest dagoen herri bat aurkituko dutela aurrez aurre; bake prozesua aurrera eramateko prest dagoena eta euskal herritarron erabakitzeko eskubidea gutxieneko demokratikotzat daukana etorkizuneko bizikidetzarako.

Horren aurrean, Euskal Herriak alde anitzeko akordioak behar ditu prozesuari ezarri nahi dioten blokeoa apurtzeko. Ipar Euskal Herrian agertutako konpromiso sozial eta politiko zabal eredugarria hedatzea izan behar dugu helburu; bake prozesua aurrera atera nahi dugun guztion eraginez, presio sozialaren eraginez bakearen etsaiak beren erantzukizunen aurrean kokatu eta duten jarrera arbuiagarria eutsiezina bilakatu arte.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.