ALBISTEAK

Polizia frantsesak Aitor Zubillaga atxilotu du gaur arratsaldean Saran astelehen honetako bi atxiloketei segida emanez. Portaera honen bidez Gobernu frantsesak erakusten du ez daukala posizio propiorik eta bere burua mugatu egiten duela bake prozesuaren kontra Espainiak duen jarrerari babesa ematera.

 

Ez da inondik ere egia euskal gatazka politikoa Frantziaren ardurapekoa ez denik. Euskal lurraldearen parte esanguratsua Estatu frantsesaren administraziopean dago; Estatu frantsesak euskal herritarren parte horri nortasuna ukatzen dio kolektibitate gisa eta ondorioz bere etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea ere ukatzen dio; modu berean, ia berrehun euskaldun dira preso Estatu frantziarrean barrena sakabanatuta, XXI. mendekoa baino Erdi Arokoa ematen duen espetxe politika baten biktima direnak.

Horregatik eta arrazoi gehiagorengatik Estatu frantsesari ere dei egin zaio Aieteko Nazioarteko Bake Konferentziak irekitako garai politiko berritik euskal herritar guztion eskubideen errespetoan oinarritutako agertokia sendotzera, eta horregatik berriro ere salatu behar da bakearen ateak ireki egin direnean Frantzia espainiarren modura ari dela jokatzen, bere subirautza Madrilen esku utzita eta euskal auziaren aurrean duen erantzukizunaren kalte nabarian.

Horregatik, arrazoi politikoengatik beste pertsona bat atxilotua izan den honetan berriro egin behar zaie dei Frantzia eta Espainiari errepresioa eta estatu-bortxakeria bertan behera uzteko. Euskal gizarteak dagoeneko erabaki du garai historiko honetaz baliatu nahi duela konponbide prozesua portu onera eramateko, bakearen alde eginez eta eskubide guztien errespetua lehenetsiz herritarren arteko elkarbizitza lortu ahal izateko.

Euskal gizartearen gehiengoarekin bat eginez normalizazio politiko eta soziala helburu daukagunok bakeari dagokionez Madrilek eta Parisek darabilten atzerakako joera nabariaren aurrean indarrak biltzeko erronka daukagu; bakearen etsaiek 2011ko urriaren aurreko garaietara eraman nahi gaituzte eta hori ezinezkoa gertatuko zaie. Rajoyk eta Hollandek jakin behar dute tokiz eta garaiz kanpo ari direla eta euskal gizarteak ez diola utziko inori, inori ere ez, bakerako aukera paregabe hau alperrik galtzen.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.