Agerraldi honen bidez, SORTUk bere iritzia helarazi nahi du bake eta normalizazio politikorako martxan dauden ekinbide desberdinen inguruan.
Lehenik eta behin, beharrezkotzat jotzen dugu Urkulluren gobernuaren Bake Planaren inguruko gure posizioa birgogoratzea:
- Horrela, esan behar dugu berriz ere planaren abiapuntua ez dela egokia, okerreko oinarritik abiatzen delako. Izan ere, planaren abiapuntua indarkeriaren desagerpena den bitartean, guk azpimarratu behar duguna da, hemen eta gaur, indarkeria egon badagoela, indarrean jarraitzen duelako gizarte osoari bere etorkizuna eta buruaren jabe izatea, galarazten dion estatuaren indarkeria. Eta indarrean jarraitzen du ere bai estatuarekiko menpekotasunaren egoerak, legalki aldatu ezin den markoa inposatuz, edota Euskal preso politikoen kolektiboaren kontra, egunero-egunero oinarrizko eskubideak urratzen zaizkiolako.
- Horretaz gain, terrorismo/antiterrorismo ez-zilegiaren dikotomia mantentzen duen heinean, zilegitasuna ematen dio indarkeriari eta indarkeriaren ondorioei, gobernu instantzietatik gauzatzen denean. Gauzak horrela, begiak Ixten dizkio Estatu indarkeria eman eta ematen segitzen den testuinguru politikoari eta akats sakona egiten du identifikatzen duenean legalitatea zilegitasunarekin, autokritika eskaera alde batetara bideratzen direnean soilik, batzuen indarkeria lege baten aterpean egiten denaren aitzakian. Gogoratu beharko genioke Urkullu eta bere Bake eta Elkarbizitzarako Zuzendaritzari logika horretan Israelen praktikatzen den torturari buruz ezin izango litzatekeela tutik ere esan, legeak babesten eta jasotzen duelako. Eta horrek ez dauka ez hanka ez bururik ere, gatazkak gainditzeko nazioartean erabiltzen diren estandarrak haintzat hartuta.
Abiapuntu honek, zoru etiko delakoari gehituta, erabat markatzen du Gasteizko Parlamentuko Bake Ponentziaren joku zelaia. Beraz, gure ustez ponentzia honetara batzuk kartak markatuta joango dira. Era berean, gure iritzia da bakera hurbildu ahal gaituzten akordio zintzo eta serioak bilatzea bada helburua, abiapuntua ezin dela izan batzuei aurrebaldintzak edota exijentziak jartzea. Guk ez dugu egin behar edota ahal dugunaren inguruko inposiziorik onartuko. Eta hori da, hain zuzen ere, Aresek egiten duena esaten duenean "ponentziak itxaron dezakeela" edota "ponentzia gelditu daitekeela EH Bildu zoru etikora iritsi arte".
Oinarrian Ares-ek diona da gure posizio politikoak bazter batean utzi behar ditugula eta euren posizio politikoa onartu, gureganatu. Prest daudela behar den guztia itxoiteko guk arrazoia eman diezaiegun. Hori., ordea, ez da sekula gertatuko. Autokritikak egokiak izan daitezke, eta beharrezkoak zenbait kasutan. Baina horrek denontzat balio behar du, ez batentzat bakarrik. Bakea eraikitzeari begira erantzukizuna dugun guztiontzat balio behar dugu: EAJtik hasita eta PPraino, PSEtik pasatuta, noski. Izan ere, Ezker Abertzalea izan da bakarra, biktimekiko izan duen posizioa eta etorkizunean izango duena modu autokritikoan berraztertu duena.
Gure ustez, PSEk Gasteizko Parlamentuko Ponentzian antzeztutako jarrera honek badu arrazoi argi bat. Eta arrazoi hau bilatu behar da PSOEk bizi duen barne egoeran, non Patxi Lopez bilakatu den Rubalcaba ordezkatzeko itxaropen bakarra. Horretarako, PSOE barruan dauden botere desberdinekin Estatuaren berzentralizazio eredua adostu Patxi Lopezek kupoaren doitzea barne, norabide horretan PPrekiko inongo desberdintasun markatzetik aldenduz. Bake prozesutik aldentzeko, alegia. Hori da arrazoi bakarra eta horretan kokatzen da Patxi Lopezek Gasteizko Parlamentuan egiten duen estatuari begirako diskurtsoa, deus ikustekorik ez duena Instituzio horrek dituen behar desberdinekin.
Ondorioz, PSE desagertu egiten da EAEn, bakarrik PSOE geratuz. Lopez, Ares eta beraien modukoek PSOEren interesak lehenetsi dituzte, lehentasuna bake eta konponbidearen alorrean akordioak eta adostasunak lortzeari eman beharrean.
SORTUtik esan nahi dugu, hau guztiaren aurrean era positiboan aportatzen segituko dugula edozein forotan edota bakea eta normalizazio politikoa helburu duen edozein ekimenetan. Hori bai, zintzoki egiteko asmoa daukagu, gatazkaren zio politikoei helduz euskal jendarteak eskatzen dituen irtenbideak aurkitu ahal izateko. Gatazkaren ondorioei era urgentean helduz. Euskal jendarteak bere etorkizuna libreki erabaki ahal izateko lortu beharreko akordio politikorako oinarriak bultzatuz.
Gauzak horrela, prest gaude horri begira abian jarriko diren ekimen guztietan parte hartzeko era eraikitzaile batean, gauzak bere tokian jarriz baina ekimen horiek izan dezaketen potentzialitatea mespretxatu gabe. Dela Bake prozesua indartzeko Foro Soziala, dela Bake eta elkarbizitzarako Ponentzia, dela euskal preso politikoen eskubideen aldeko etengabeko presio sozial zein politikoa edota bakerako edo gatazka gainditzeko elkarrizketaren aldarrikapena.