ALBISTEAK

Euskal jendarteari, jendarte zibilari, gure herriko emakume eta gizonei, gazte zein nagusiei, zuei zuzenean hitz egitera etorri gara gaur hona.

Euskal gizartearen gehiengo zabalak nahi duen garai berria ekarri eta bake iraunkorra finkatzeko ahaleginean gabiltza geu ere, aspaldi honetan. Ahaleginak eta bi egin ditugu bide horretan. Eta aurrera egiteko erabaki finkoa dugu.

Orain, udaren atarian, jakin berri dugu Estatu espainiarrak, Audiencia Nacional deitu tribunal berezia bitarte, egundoko erasoa prestatu duela gure aurka. Bat nahikoa eta gehiegi ez balitz, bi makroepaiketa politiko lotu ditu modu simultaneoan udazkenetik aurrera, hemen gaur agertzen garen 80 euskal herritarron aurka.

Alde batetik, hamaika urtetan kajoian gordeta eduki duten 35/02 sumario esperpentoa, Garzonen disparate nagusia, atera dute orain mahaigainera. Aldi berean 2009ko azaroan ehunka poliziek Grande- Marlaska epailearen aginduz egin zuten sarekadan atxilotutako 40 gazte independentisten auzia abiatuko dute, Guardia Zibilaren eta Poliziaren eskutan horietako gehienek tortura gogorrak salatu zituzten, eta torturapean lortutako adierazpen horiek dira sumarioaren "froga" oinarria.

Horrela bada, 80 izango gara urrian hasiko diren makro-epaiketetan epaituak izango garen ezker abertzaleko militanteak.

Kartzela-urte mordoa eskatzen dute gutariko bakoitzarentzat, eta bistan da horrek ondorio pertsonal latzak dakartzala. Baina eraso hau ez da, ez, gure aurkakoa. Euskal Herriari berari egiten zaion eraso frontala da hau. Estatuak eraso egiten dio garai berria zabaltzeko Euskal Herriak agertu duen erabakiari. Blokeatu nahi du konponbide baketsua. Atzera martxa sartu nahi du.

Horregatik makroepaiketa hauek orain. Horregatik atxilotzen ditu etxera bueltan datozen atzerriratuak. Horregatik eusten die salbuespeneko zigor neurri guztiei. Horregatik betikotzen ditu preso politikoen eta hauen senideen aurkako zigorrak. Gatazka betikotuz, Estatuari bere horretan eusteko asmotan. Horren berehalako adibide berri bat datorren astelehenean etor daiteke, Iruñerriko beste bost gazteren espetxe zigorraren baieztapena eman baitezake Espainiako Auzitegi Gorenak.

Estatu espainiarrak berea du arazo sakon eta latza, bereak ditu krisi ekonomikoaren eta ustelkeriaren zulo beltza, berea du krisi instituzionala eta lurralde ereduaren krisia. Bere ahulezia horretan ez daki aukera demokratikorik eskaintzen, ez dio Euskal Herriari konponbide demokratikorik eskaini nahi. Indarrez eta itxikeriaz blokeatu nahi digu bakerako bidea, bakearen beldur delako.

Ez du lortuko halakorik. Euskal Herritar guztiontzako garai eta aukera demokratiko beteak lortu arte ekin egingo diogu, oztopo guztien gainetik. Aurre egingo diegu makroepaiketa politiko hauei zein salbuespenezko politika guztiei, bertan behera uztea lortu arte.

Herritar guztion erabakitasuna behar da orain. Garai berria zabaltzen ari gara eta ekarri egingo dugu, guztion erabakiz. Elkartasuna, mobilizazioa, jendarte zibilaren aktibazioa, herri erakunde eta instituzioen konpromisoa...hortik dator Euskal Herrira garai berria.

Herri honek ezin du onartu atzera begira proposamenik gabe dabiltzan gutxi batzuek gurean horrenbeste ilusio sortu duen konponbidea oztopatzea. Kartzelara eraman nahi gaituzte, gu eta beste asko, espetxeak nola hustu hitz egiteko garaia denean. Legea dute argudio, herritarren gehiengoaren borondatea ukatzeko; herriak soilik, borondate oneko herritarrok soilik lor dezakegu gutxi batzuk konponbideari jarri nahi dizkioten oztopoak gainditzea. Ziur gaude lortuko dugula, herritarren konpromisoaren eta elkartasunaren bidez lortuko dugula altxatzea bakearen aurkako eraso hauei aurre egingo dien harresi herritarra, konponbideari atea parez pare irekiko dion herri indarra.

ZUEI GUZTIOI ZUZEN ZUZEN MINTZATZERA ETORRI GARA GAUR HONA eta deialdi baten berri ere eman nahi dizuegu: urriaren 26ean, "Erasoen gainetik, Euskal Herria aurrera!" lelopean Bilbon burutuko den manifestazio nazionala.

HERRI HONETAKO GEHIENGO ZABALAK NAHI ETA BEHAR DUGUN ETORKIZUNA IRABAZTERA. BAKETSUA, DEMOKRATIKOA, LIBREA.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.