ALBISTEAK

Fiskaltzaren posizioa ez da justiziaren aplikazioa bilatzen duen norbaitena baizik eta mendeku egarriak itsututa dagoenarena.

Ematen du fiskaltza benetan atsekabetzen duena Josu Uribetxebarria oraindik hil ez izana dela osasun arrazoiengatik espetxetik libratua izan ondoren. Ematen du benetako helburua dela Estatuak herri honetan eragin duen gorpu zerrendaketa luzean beste bat gehitzea, mendeku goseak beste bizitza bat eramatea.

 

Izan ere, hori ez da inondik ere izan Estatuaren portaera arrazoi medikuengatik ere bere garaian espetxetik atera ziren hainbat presoren kasuan. Rodriguez Galindo jenerala espetxetik atera zen 2004ean zigorraren betetze eskasa izan ondoren eta egun libre bizitzen jarraitzen du inongo instantzia ofizialak egoera hori auzitan jartzera ausartu gabe. Ematen duenez Estatuaren uniformeetatik burututako bortxakeri ez-legalak erabateko babesa eman die zigortuta izan zirenei, baita gainontzeko preso guztiei sistematikoki ukatu egiten zaizkien espetxe onurak lortzeko orduan ere.

Estatu espainolak bere espetxe politika aldatu behar du orain; eta horrek eskatzen du lehenik eta behin zigorren betetzeari eman dioten mendekuzko joera bertan behera uztea, preso gaixoak duintasunaz artatuak izatea eta Giza Eskubideen Europako auzitegiak 197/2006 doktrinaren inguruan ebatzitakoa betetzea bizitza osorako espetxe zigor ezkutua desagertu dadin eta nola ez, espetxe legediak dioena betez euskal preso politikoak berrelkartuz euren etxeetatik hurbilen dauden espetxeetan.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.