ALBISTEAK

Sortuk azkeneko egun eta asteotan Euskal Herriko jaien testuinguruan Espainiako estatuaren aldetik, eta bereziki, Euskadiko Autonomi Erkidegoan duen delegatuaren aldetik, egon diren erasoak eta euskal herritar eta eragileen aldetik izan den erantzun anitza eta zabala baloratu nahi ditu.

Carlos Urquijo Euskal Herrian aski ezaguna da batez ere bake prozesuaren aurka bere eskuetan dagoen guztia egiten saiatzeagatik. Bakearen etsaia da eta bere kargua hartu zuenetik egin duen gauza bakarra prozesua boikotatzen saiatzea izan da. Ilegalizazioaren garaien nostalgikoa dela nabarmena da eta aukera duen bakoitzean bere kontrolpetik ihes egiten dion edozein herri ekimen debekatzeko saiakera egiten du. Uda honetan, Laudio eta Bilboko jaien aurka jo du, herritarren artean sekulako sumina eta haserrea eraginez.

Urquijoren azken ekimen hauek gure herria eta gure jaiak antolatzeko dugun askatasunaren aurkako eraso bezala ulertu dira, eta horrek Urquijoren aurkako haserrea biderkatu du Euskal Herriko txoko guztietan. Hori dela eta, Sortutik Urquijo jaunari esan behar diogu bera ez dela inor Euskal Herriko jaietan ze txupinera edo ze pregoilari aukeratu behar den esateko. Erabaki horiek herri bakoitzean hartu behar dira, eta horren aurrean Urquijok egin behar duen gauza bakarra da onartze eta isiltzea.

Pablo Gorostiaga eta Jone Artola bere jaioterrietan oso maitatuak izateaz gain, herri borondatearen errespetuaren ikurrak bilakatu dira eta, horren ondorioz, Urquijoren erasoei emandako erantzunak dimentsio politiko handia hartu du. Eraso hauen aurka protesta egiteko milaka pertsona atera dira kalera, bai Laudion baita Bilbon ere.

Eztabaida politikoan ere, eragile gehienek oso gogor hitz egin dute Urquijoren aurka. EAJk berak piromanoa deitu dio. Oso gutxitan ikusten da horrelako adostasuna alderdien artean, eta Urquijori behintzat lorpen hori aitortu behar zaio, ahoa zabaltzen duen bakoitzean Euskal Herriko gehiengo zabalak ados jartzeko gai delako.

Horiek horrela, Urquijoren eraso hauei Euskal Herritik emandako erantzuna oso positiboki baloratzen du Sortuk. Baino uste dugu badagoela aukerarik salaketa hutsetik baino aurrerago joateko. Uda honetan Urquijoren erasoen aurrean batu diren gehiengoak oso garbi mintzatu dira. Herritarren artean sortu diren haserreak, eta antolatu diren erantzun dinamikak eta elkartasun ekimenak ikusi eta gero, Espainiako Delegatuaren figuraren inguruko gogoeta serio eta sakon bat egitera behartuta gaude.

Sorturen aldetik enplazemendu zuzena egin nahi diegu gainerako indar politiko eta sozialei, eta batez ere EAJri, irailetik aurrera Espainiako Delegatuaren figura ezabatzeko helburua izango duen iniziatiba politiko bateratu bat martxan jartzeko. Figura hau erabat inposatua izateaz gain, funtzio politiko zehatz batzuk betetzen ari da, hau da, bakea eta normalizaziorako ibilbidea oztopatzeko Espainiak jarritako kargu publiko bat da. Eta nahikoa dela esateko garaia iritsi da.

Edozein kasuetan, Urquijok nahi ala ez, Euskal Herria aurrera doa. Egia da Espainiako Gobernua, eta Euskal Herrian dituen sukurtsal politiko eta instituzionalak, azken urteotan zabaldu den prozesu demokratikoa blokeatu nahian dabiltzala. Baino egia de ere Euskal Herrian gai bagara, egun hauetan egin dugun moduan, erasoen aurrean horrelako herri harresiak eraikitzeko, eta eraso bakoitzaren aurrean iniziatibaz eta indar metaketaz erantzuteko, gure herriak behar duen eszenatoki demokratikoa gero eta hurbilago egongo dela.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.