Azken egunotan berriro geratu da agerian Alderdi Popularrak euskal preso politikoekiko garatzen duen espetxe politikaren krudelkeria.
Astelehenean, Asier Aginako presoen senideek kotxe istripu larria izan zuten Aranjuezeko espetxera bidean zirela.
Atzo, Pablo Gorostiaga preso politikoaren bikote zen Judith Uriarteren heriotzaren berri jaso genuen. Nahiz eta horretarako baimena izan, agintari espainiarrek bikoteari azken agurra ematea galarazi diote Gorostiagari.
Bi gertari hauen modukoak, nahiz eta erabat larriak eta krudelak izan, preso zein senideei PPk ezartzen dien egunerokoan ohikoak bihurtu dira. Dispertsioaren erruleta errusiarrera jokatzen du PPk preso eta senideekin.
Alderdi Popularrak espetxe politika forma duen indarkeria neurrigabea erabiltzen du helburu argi batekin: gatazkaren konponbiderako Euskal Herritik zein nazioartetik garatzen ari diren ekimen eta saiakerak saboteatzea. Bakearen etsaien mendeku eta sabotaje politikaren gatibu dira presoak eta euren senideak.
Zentzu honetan, Lopez eta Rubalcabaren PSOE Alderdi Popularrak garatzen duen inboluzio politikarekin lerratzen ari dela dakusagu. Patxi Lopezek atzo eginiko diskurtsoaren moduko ke gortinek bakearen etsaiekiko lerrokatzea justifikatzea dute helburu, asmo oso larri batekin: bake eta askatasun agertoki bat eraikitzeko euskal jendartearen nahi eta itxaropenak zapuztea.
Lopez, Ares eta Rubalcabaren zoru etikoa non dagoen jakin nahiko genuke: Pablo Gorostiagaren ziegan? Asier Aginakoren senideek istripua izan duten errepidean? Guardia Zibil eta Polizia Nazionalaren galdeketa ziegetan? Edota hobi baten karearen azpian?
PSOE ez dago inori ezer exijitzeko moduan. Egin behar duen bakarra honakoa da: euskal jendartearen gehiengoaren aldarrikapenei men egin eta konponbiderako konpromisoa hartu, jarrera saboteatzaileak alboratuz.
ETAk jardun armatua amaitutzat eman zuenetik bi urte beteko direnean, argi dago euskal jendarteak ezin duela espero Estatu espainiarraren aldetik gatazkaren konponbiderako inolako ekarpen positiborik. PP eta PSOEk gerrarako praktika eta diskurtsoa darabilte, bakearen beldur direlako. Nahiago dute euren proiektua inposatzea ahalbidetuko dien gatazka agertoki bat, euskal jendarteak bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko aukera izango duen bake agertoki bat baino.
Horrela bada, SORTUn oso argi dugu: Estatuak ez du konponbide demokratikorik nahi, beraz euskal jendarteak bultzatu beharko du horretara. Bakearen, demokraziaren eta askatasuna helburu dugunok bat egin behar dugu, izan ere, konponbidearen giltza ez dago Madrid edota Parisen esku, euskal herritarren eskuetan baizik.
Hau da, beraz, SORTUren deialdia, PPren gerra eta salbuespen politikaren aurrean, bake, askatasun eta demokrazia agertoki bat eraiki nahi duen gehiengo sozial eta politikoa artikulatu eta mobilizatzea.