Preso politikoen eskubideen urraketarekin, herri honek konponbidean aurrera egiteko erakutsi duen borondatea zapuztu nahi du Estatuak
Gaur goizean jakin da, 28 urte espetxean daramatzan Gabriel Urizar euskal preso politikoari 197/06 doktrina ezarri berri diotela, era honetan, bere momentuan ezarritako zigorra oso osorik betea duen arren, espetxean preso mantenduz eta bere askatasunerako eskubide urratuz.
Honen aurrean Sortuk bere elkartasuna eta babesa eskaini nahi dizkio bai Urizar-i bai bere familiari, izan ere presoekin batera senideek ere gogor pairatzen dute PPren politika bortitz hau.
Era berean, honakoa adierazi nahi dugu:
• Lehenik eta behin, preso politikoen, eta oro har preso dauden pertsonen,
oinarrizko eskubideekiko Estatu espainolak agertzen duen erabateko mespretxua eta bortizkeria, eta indarkeria horren erabilera politikoa salatu nahi dugu.
• Bigarrenez, doktrina hau mantentzean - Europako Giza Eskubideen Tribunalak emandako irizpideen kontra eta preso askoren askatasun eskubidea larriki urratuz- baina baita ere sakabanaketa mantentzean eta horretan sakontzean edota osasun eskubidea urratzen jarraitzean, estatu espainolak hautu politiko argi bat dauka.
Preso politikoen eta beraien senideen eskubideen urraketarekin, herri honek bake eta konponbiderako bidean aurrera egiteko erakutsi duen borondatea zapuztu nahi du Estatuak, eta berau frustrazioa eta itxaropen eza bihurtu.
Preso politikoen oinarrizko eskubideak urratuz eta, oro har gatazkaren ondorioen alorrean agertzen duen jarrera bortitzarekin, estatuak blokeoa ezarri nahi duela argi erakutsi nahi du. Euskal Herria preso nahi du, herri honek bake eta konponbidearen bidean egin nahi duen bide demokratikoari beldur diolako.
Inposizio politikoan oinarritzen den estatu batek, guztiz antidemokratikoa den estatu batek, beldurra besterik ezin baitio izan jendarteak bere iritzia, libreki eta demokratikoki emateari.