ALBISTEAK

Lehenik eta behin, gure elkartasuna adierazi nahi diegu atzo atxiloturiko 18 lagunei eta etxekoei ere bai. Era berean, Herrira-ren baitan euskal presoen eskubideen defentsan atxilotuek garatu duten lana txalotu nahi dugu.

Erabat larria da atzo Espainiar estatuak abian jarririko operazio poliziala. Operazio polizial hau eta Euskal Herrian irekiriko aro politikoa estuki lotuak doaz. Bakea eta elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko aroa bizi dugu.

Egoera hau irekitzeko ugariak eta ezinbestekoak izan dira bai ezker abertzaleak zein beste hainbat eragilek emaniko urratsak zein abian jarririko ekimenak. Euskal Herrian bakea, justizia eta demokrazia nahi dugunok harturiko konpromisoek ahalbidetu dute aro hau irekitzea.

PP eta PSOE ordea Euskal Herrian irekitako aro eta bakerako aukera saboteatzen ari dira. Zapateroren gobernuarekin hasi eta Rajoy-ren gobernuak eginiko azken operazio honetaraino, bakearen etsai gisa aritu dira bi alderdi espainiar hauek eta beraien euskal sukurtsalak.

Jarrera erabat salagarria da PSOE eta PPrena eta garatzen duten estrategiaren baitan kokatzen da atzo Herrira-ren aurka buruturiko polizi operazioa.

Jauzi kualitatiboa eman du Espainiar estatuak operazio honekin, konponbide prozesuari eta Euskal Herrian hain hedatua den euskal preso politikoen eskubideen aldeko aldarriari eraso zuzena egin dio.

Bakearen etsaiek eginiko erasoaren tamainako erantzuna eman behar da. Erantzun irmo zein herritarra eman behar zaio. PPren sabotaje politikaren aurrean, planto demokratikoa egin behar dugu, instituzioetatik hasita kaleraino, herriz herri. Ozen esan behar diegu: Aski da, ez dugu errepresio gehiagorik onartuko.

Euskal instituzio batzuetako agintariek emaniko erantzuna oso bestelakoa izan da ordea: Nafar gobernuak operazio poliziala txalotu duen bitartean, EAEko gobernuak ahots txikiarekin operazioa salatu du, baina praktikan, Guardia Zibilaren biolentziari Ertzaintzaren biolentzia gehitu dio. Horren adibide Ertzaintzak atzo eginiko kargetan hainbat herritar zauritu izana, tartean Amalur Mendizabal senataria.

Atzo Amalur Mendizabal jipoitu zuten berberak dira Rosa Zarra eta Iñigo Cabacas hil zituztenak. Horrela bada, Sortuk ezinbestekoa eta urgentziazkoa deritzo Ertzaintzak polizia politiko izateari uztea eta desarme errepresiboa burutzea. Behingoz Ertzaintza Estatuaren gerra estrategiaren tresna izateari utz diezaiola.

Euskal Herriko instituzioetako agintariek neurriak hartu behar dituzte atzokoaren moduko operazioak saihestu eta herritarren eskubideak bermatzeko. Bere herritarren eskubideak defendatzen ez dituen Lehendakariak ez du Lehendakari izatea merezi.

Azkenik, euskal herritarrei deia luzatu nahi diegu: presoen eskubideen aldeko aldarria kaletik atera eta zigortu nahi duten honetan, aldarri hori lau haizetara zabaltzeko deialdia egin nahi dugu. Atera gaitezen kalera eta zabal dezagun "Euskal preso eta iheslariak etxera!" leloa bazter guztietara. Eta bide horretan, ezinbesteko hitzordua, larunbat honetan Bilbon.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.