ALBISTEAK

Aste intentsua bizitzen ari gara. Eta agerraldia hasteko, honakoa adierazi nahi dugu: Herrira-ren aurkako operazioarekin bilatzen zuen helburua ez du lortu PPk. Euskal presoen giza eskubideen defentsan jarduten duten 18 lagun atxilotzera ehunka Guardia Zibil armatu bidaltzearen ridikulua egiteaz gain, espetxe politika aldatzearen beharra eztabaidaren erdialdean kokatu da.

Totalitarismo despliege hau salatu du euskal jendartearen gehiengoak eta euskal presoen eskubide aldeko lan zilegiaren aurkako eraso gisa ulertu da polizi operazioa. Era berean, herritarrek ulertu dute PPren gobernua iraganeko garaietara itzultzeko saiakerak egiten ari dela. Garai horretan, nahikoa zuen Itun Antiterrorista deitzea bere posizioa inposatzeko, baina egun, galtzaile eta gutxiengo dira eztabaida politikoan edo lehia elektoralean. Joko arauak demokrazia eta ideien errespetua direnean, espainiar konstituzionalismoa ahula eta gutxiengoa da, eta ezin du jasan.

Alderdi Popularra eta baita PSOEk herri honetan duten eragin politikoak arrazoi sinple bat du: karta trukatuekin jokatzen dute. Euren neurriko joko arauak mantentzen dituzte: eurek erabakitzen dute nork jokatzen duen eta nork ez, zer jokatu edota zer jokaldi egin daitekeen eta noski, eurek izendaturiko joko-epaileekin. Aste honetan, PPko legebiltzarkide batek esan du Estatuak independentismoaren ideia zilegiak garaituko dituela (aste honetan bertan ikusi dugu nola lortu nahi duten garaipen hori) eta aldiz, kexa adierazi du faxista deitu diotelako. Ideia hori adierazten eta egiten duen bati "faxista" deitzea ez da inondik inora iraintzea, bere jarrera egiaztatzea da; jarrera totalitario, falangista eta ondorioz ehuneko ehunean faxista.

Era berean, aste honetan zehar Eusko Jaurlaritzak izan duen jarrerarekin oso kritiko garela adierazi nahi dugu. Giza Eskubideen aldeko 18 aktibista atxilotzeko operazioak Ertzaintzaren parte-hartzearekin garatu zen: EAEko errekurtso publikoak xahutu dira 18 lagun hauek Entzutegi Nazionalean amaitu dezaten eta herritarrak kolpatzeko, tartean Amaiur-eko senatari bat. Sumisio jarrera salagarria adierazi du Entzutegi Nazionalak.

Bestetik, atzokoan PNV eta EH Bildu talde parlamentarioek Gasteizko Legebiltzarrean lortu zuten akordioak argi izpia ekarri dio aste ilun honi. Lortutako akordioaren edukietan atxiloketak salatzen dira eta bake prozesuaren boikotaren ardura Alderdi Popularraren gainean jartzen da. Are gehiago, atzoko akordioak PNVk eta ezker soberanistak bake prozesua eta normalizazio politikoa bukaeraraino bultzatzeko norabidea marrazten du. Eta atzoko adierazpenaren garrantzia kontutan hartuta, akordioaren hitzetatik ekintzetara igarotzeko deia luzatu nahi diogu PNVri. PNVk normalizazio politiko eta sozialaren bidea egiteko prest agertzen bada, bakeari trabak jartzen dizkiotenei aurre eginez, ezker abertzalea alboan
izango du elkarrekin lanean aritzeko eta herri gisa gure bide propioa egin dezagun.

Gure poza adierazi nahi dugu Herrirako 18 lagunen askatasunagatik. Eta noski, guztiak onik eta torturatuak izan gabe bueltatu direlako, komunikabideek ere garrantzia berezia eman diote, berez nahiko adierazgarria. Bitxia suertatzen da atxilotuei inkomunikaziorik ezartzen ez zaienean, ez dela tratu txar salaketarik eta noski inork ez du behartuta deklaratzen. Hortaz, argi geratu da inkomunikazioak tratu txar eta torturak dakartzala berarekin, atxilotua eta bere ingurua izutzeko eta bortxazko aitorpenak lortzeko. Hori ikusi nahi ez duenak, egoera bere horretan mantentzea nahi duelako da, ez du bestelako azalpenik.

Herrira-ren aurkako jazarpen operazioaren ondorioak honakoak izan dira, 4-5 egunetako atxiloaldia, fidantzen ordainketa, eskubide zibilen murrizketa eta espetxealdia ekarri dezakeen epaiketa prozeduraren hastapena. Horretaz gain, Herrirak bi urteko "suspentsioa" jaso du. Oker dabiltza uste badute presoen eskubideen aldeko jarduna etengo dutela, herri hau ezagutzen ez dutenaren seinale. Euskal herritarrek bake prozesua garatzeko determinazio osoa dute eta horrela euskal presoen eskubideen defentsa eta espetxe politikaren aldaketa
derrigorrezkoa da.

Irakurketarik behar ez duen errealitatea da, eta hori onartu nahi ez duenak, bihar argi ikusteko aukera izango du. Bihar herritar olatu erraldoi batek bere bultzada osoa emango dio Herrirak presoen eskubideen defentsaren aldeko lana garatu dezan eta gatazkaren konponbidearen alde. Herri honen gehiengo sozial eta politikoa Bilboko kaleak beteko ditu eta Sortu, eta ezker abertzalea bertan izango da, euskal herritarrekin batera.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.