ALBISTEAK

Auzitegi Konstituzional espainiarrak ebatzi berri du Mikel Beunza gazte independentistak eginiko tortura salaketa ez zela behar bezala ikertu.
Horren inguruan, honakoa adierazi nahi du Sortuk:

Berriro ere, agerian geratzen da tortura Estatuaren gerra estrategiaren oinarrizko tresna izan dela, era sistematikoan eta inpunitate osoz erabilia izan dena. Torturaren erabilpena ahalbidetu dute hamarkadetan zehar Estatuko indar politiko nagusiek, indar errepresiboek eta salbuespen auzitegietako epaileek.

Euskal independentisten aurka tortura eta gerra zikina erabili dituzten espainiar segurtasun indarretako kideek zer-nolako inpunitatearekin aritu diren geratzen da berriro ere agerian. Orain bi aste fiskaltzak nazioarteko atxilotze agindua duten lau polizi espainiar torturatzaileak ez atxilotzeko erabakia hartu zuen eta aurreko astean Joxean Lasa eta Joxi Zabala bahitu, torturatu eta hiltzeagatik zigorturiko Galindo Guardia Zibil burua aske geratu zen, 75 urteko espetxe zigorretik 4 besterik bete ez dituenean.

Horrela bada, tortura kasurik eta eskubide urraketarik berriro eman ez dadin salbuespen legediak bertan behera uztea ezinbestekoa jotzen du Sortuk.

SORTU,
2013ko urriak 9

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.