Igande honetan, urriak 13, lau urte beteko dira polizia espainiarrak ezker abertzaleko 9 kide atxilotu zituenetik. Lau urteren ostean, preso dira Arnaldo Otegi, Miren Zabaleta, Rafa Diez, Sonia Jacinto eta Arkaitz Rodriguez.
PSOEren aginduz 2009ko urrian buruturiko operazio polizialak eta osteko espetxeratzeek Ezker Abertzalearen eztabaida estrategikoa ezinezkoa egitea zuen xede. Egun ezker abertzaleko kide hauek preso mantentzea, konponbide prozesuaren aurka PPren gobernuak garatzen duen politikaren baitan kokatzen da.
Askatasuna, bakea eta elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko aroa bizi dugu Euskal Herrian. Egoera hau irekitzeko ugariak eta ezinbestekoak izan dira bai ezker abertzaleak zein beste hainbat eragilek emaniko urratsak zein abian jarririko ekimenak. Euskal Herrian bakea, justizia eta demokrazia nahi dugunok harturiko konpromisoek ahalbidetu dute aro hau irekitzea eta konpromiso eta ekarpen horren adierazle dira 2009ko urriaren 13tik preso diren 5 lagun hauek.
PP eta PSOE ordea Euskal Herrian irekitako aro eta bakerako aukera saboteatzen ari dira. Zapateroren gobernuarekin hasi eta Rajoy-ren gobernuaren politikaraino, bakearen etsai gisa aritzen dira bi alderdi espainiar hauek eta beraien euskal sukurtsalak.
Horrela bada, Sortuk bere babesa adierazi nahi dio larunbatean Elgoibarren Arnaldo Askatu herri ekimenak deiturik burutuko den manifestazioari.