Urtemuga bat dugu hizpide gaurkoan, Aieteko Nazioarteko Bake konferentziarena eta ondorioz ETAk eman zion erantzun positiboarena, biek ala biek garai politiko berria ireki zutenak.
Bi urte beranduago esan daiteke herri honen egoera errotik aldatu dela, hobera aldatu dela eta horrek berak denok, euskal gizartea orohar zorioneko egiten gaitu. Herri honen askatasunari begira ireki diren aukerek ez dute konparaketarik azkeneko berrogeita hamar urtetan. Batzuk hori guztia ezinezko egiten saiatuko diren arren, euskal subirautza eta gizarte justiziarentzako aurrerapen garaiak datoz inongo dudarik gabe.
Jatorri espainiarreko alderdiek ETAri eta baita Ezker Abertzaleari ere exijentziak egitera mugatzen dute beren jarduna gatazkaren erresoluzioaren prozesuari dagokionean, eta testuinguru horretan garrantzizkoa da gogoratzea nola iritsi den denbora politiko berrira, egiaztatzea beraz ea alderdi horiek inongo autoritaterik baduten beste aldeei exijentziak planteatzeko. Atzerako bi urteko begirada botatzeak aukera ematen du balantzea egiteko, kontabilitate politikoa egiteko; garrantzi handikoa da ariketa hori egitea eta gogora ekartzea nork egin duen eta nork ez, agerian uztea garai politiko berria iritsi dela batzuen ekimen politikoei esker eta beste batzuek jarritako oztopo, traba eta eraso jarraituen gainetik.
Esaten genuen bezala, batzuek garai politiko berria ekarrarazi zuten (genuen):
• Ezker Abertzaleak izaera estrategikoa duen hausnarketa burutu zuen, aztergai jarri zuen bere jardun osoa eta sakoneko aldaketak erabaki zituen. Beste inork egin al du horrelakorik herri honetan? EAJk, PSOEk, UPNk edota PPk ezer ahalbideratu izan al dute beren hausnarketaren bidez? Erantzuna agerikoa da: EZ.
• Ezker Abertzaleak autokritika egin zuen biktimei dagokienean eta inongo bazterketarik gabe biktima guztien, egia, erreparazioa eta aitortzaren aldeko apustua egin du. Beste inork hori esaterik al du? Esan dezakete PNV, PSOE, UPN edota PPkoek biktima guztien aitortza eta erreparazioaren alde egiten dutela, inongo bazterketarik gabe? Erantzuna berriro ere EZEZKOA da. Ezker Abertzalea da biktima guztien aldeko posizioa duen eragile politiko bakarra, inongo bereizketarik egin gabe.
• Gogoratu behar da ETAren kasuan erakunde horrek bere jardun armatuaren amaiera iragarri zuela Aieteko Konferentziak egin zion enplazamendua eta hiru egunera. Badira bi urte beraz ETAk ez duela bortizkeriazko inongo jardunik praktikatzen, ez da dagoeneko bortizkeriazko aldagaia euskal gatazkaren ekuazioan. Gauza bera esan esan al dezakete gobernuek? Zoritxarrez, EZIN DUTE. Espainiako gobernuak jarraitzen du bortxakeria erabiltzen helburu politikoak bilatzeko; Herriraren kontrako operazioan ikusi dugu hori, epaiketa politikoen kasuan ikusten dugu hori, eta hori bera ere ikusten dugu izugarrizko sufrimendua eragiten duen espetxe politikaren aurrean, tartean bizitzak eramatera iritsi den espetxe politika delarik. Badago Estatuaren aldetik bortxakeriaren monopolioaren erabilera politikoki interesatua, hautestontzien borondatearen kontrako eskema politikoa inposatzeko erabiltzen dena, azken finean euskal herritarrok geure etorkizuna erabaki dezagun ekiditeko artez edo moldez. Aietetik bi urtera, ETA ez da dagoeneko bortxa erabiltzen duen eragile bat eta bai ordea Espainiako gobernua. Eta hori lehen mailako arazoa da bake prozesuarentzako eta herri honen normalizazioarentzako.
Eta beraz, eta azken ideia bezala: garai politiko berria heldu da herri honetara mugitu direnei esker eta ekimen politikoa hartu dutenei esker; eta gainera esan behar da heldu dela garai berri hori bai, baina heldu dela posizio zaharrak mantentzen dituztenen gainetik eta bortxakeria erabiltzen jarraitzeko enpeinua dutenen gainetik. Espainiak bortxakeria erabiltzen jarraitzen duelako eskema politiko arrotza inposatzeko eta herri hau bere etorkizunaren jabe izaterik izan ez dezan.
Eta zera azpimarratu nahi dugu: eszepzioko legediak, askatasun murrizketak, gazte independentistena edota 35/02 bezalako epaiketa politikoak, adierazpen libreari edota independentismoari egiten zaizkion etengabeko erasoak... horiek guztiak ezdemokratikoak izatetik harago, bortxakeria adierazpenak dira inongo zalantzarik gabe. Lehenbailehen desagertu behar duten bortxakeria adierazpenak dira; horrela bakarrik eta ez bestela hitz egin ahal izanen da bakeaz eta bortxakeria ezaz. Bake prozesuari bultzada emateko Foro Sozialak argitara emandako gomendioek oinarri bideragarria eskaintzen digute normalizazioaren alde egiten dugun guztioi.
Gomendio horien edukiek balio behar dute guztiok konpromiso berriak hartu ditzagun bake prozesua bideragarria egiteko, guztion eskubideen errespetutik eta bermetik, baketik eta normalizazio politikotik urrundu nahi gaituen inboluzio saiakeraren aurrean eustorma sendoa eraikitzeko. Euskal Herriko eragile politiko eta sozialak enplazatu nahi ditugu beraz, bide hori elikatu dezaten, eta modu berean norabide horretan Sortuk duen konpromisoa berretsi nahi dugu.