Barrena: "Espetxe politika aldatu eta bakeari aukera emateko deia luzatzen diogu PPren gobernuari"
Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epaiak giza eskubideen defendatzaile eta demokratontzat erronka berria ireki du. Epaia bere osotasunean bete behar da, kalteturiko presoak minutu bat bera ere galdu gabe kaleratuak izan behar dira.
197/2006 dotrinak kalteturiko presoek, euren zigorrak baino 200 urte gehiago pasa dituzte orotara espetxean. Espetxean pasatzen duten egun bakoitza beren oinarrizko eskubideen urraketa bat da eta Estrasburgoko epaitegiari iseka.
Gai hau korapilatsua izan daitekeenaren jakitun gara, ez hainbeste euskal jendartean baina bai espainiarrean. Hala ere, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren urraketak ezin du biktimen erreparaziorako bidea. Eskubideak urratzea ezin du izan justizia eta berradiskidetzerako bidea.
Estrasburgoko epaia ezagututa, PPren gobernua enplazatu genuen sententzia espetxe politika aldatu eta bake eta normalizazio prozesuaren aldeko apustua egiteko aukera probesteko. Antza, PPk ez du horrela ulertu; gaurko Madrileko manifestazioa babestea akatsa da. “Garaile eta garaituen” eskema ez da konponbiderako baliagarria, 1936ko gerran eta gerra-ostean ezarririko eskema berbera da, zauriak irekiak mantentzen dituena. “Garaile eta garaituak” frankismoaren ikurra izan zen.
Gaur Madrilen PPk konponbide ezaren Espainia aterako du kalera, giza Eskubideen Europako Hitzarmenetik sinadura kendu nahi duena, ez dutela ez Europan sinesten erreferentzia politiko gisa ez eta finean, ez dutelako giza eskubideetan sinesten.
Eskuin mutur espainiarrak mendekua eta gorrotoa hedatzea eta eskubideak urratzea bilatzen duten biktima elkarte batzuk parasitatu ditu. Hori da gaurko Madrileko manifestazioaren zioa, bakean eta elkarbizitzan pentsamendu bakarra ezartzeko instintu baxuenak astintzea. Ziur gaude gaurko Madrileko manifestazioak ez dituela ordezkatzen espainiar jendartea ez eta indarkeriaren biktimak, bakean eta normalizazio politiko eta sozialean lehen interesatuak eta bereziki, inork gehiago jasan ez dezan eurek jasandakoa.
Gaur Madrilen burutuko den manifestazioa mendekuaren eta “garaile eta garaituen” gakoetan kokatzen bada, atzo Bilbon euskal jendartearen parte zabal bat manifestatu zen epaiketa eta jazarpen politikoaren amaiera exijitu eta justizian eta eskubide guztien errespetuan oinarrituriko bakea aldarrikatzeko. “Garaile eta garaituen bakea” aldarrikatuz nazioarteko komunitatea izutzen dutenen aurrean, atzo Bilbon manifestatu ginen biktima guztien aitortzagatik, pertsona guztien eskubideengatik eta guztiok garaile izango garen bakearen alde.
Inoiz ez da berandu bide egokia hartzeko. Adierazpen dramatikoek, exajeratuek, gezurrek… ez dute ezertan laguntzen. Estrasburgoko sententzia gauzak ondo egiteko aukera da, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak zalantzan jarri duen espetxe politika aldatzeko eta azken finean, Gobernu espainiarrak bakeari aukera eman diezaion.
Xehetasunak
Helbideak
Araba
San Pedro pasabidea, 1. 01001 Gasteiz
Bizkaia
Rodriguez Arias 43, Entreplanta. 48011 Bilbo
Gipuzkoa
Zuatzu enpresa parkea, Easo eraikina 4 behea. 20018 Donostia Telf: 943265982 | 682593071
Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.