Iñigo Iturrate eta Borja Semper, PNV eta PPko legebiltzarkideak, El Mundo espainiar egunkariak kaleratutako informazio manipulatu eta interesatu batean oinarrituz, Sortu-ren kontra gogor oldartu dira. Adierazpen larri hauen aurrean Sortu-k zera adierazi nahi du:
Iturrate eta Semper-ek arduragabekeria izugarria erakutsiz, atzo Hasier Arraiz-ek Bilbon emandako hitzaldiaz El Mundo egunkariak egiten duen interpretazio maltzurra irentsi eta sinetsi dute.
Iturrate eta Semper PNV eta PPko legebiltzarkideek, Arraiz-en hitzak zuzenean entzun eta ezagutu gabe, El Mundo bezalako zalantzazko egunkariaren bertsioa ontzat eman dute.
Ez gaituzte harritzen Semper-en deklarazioak, bere funtzio politiko bakarra Barne Ministeriotik datozen mehatxu eta inposaketen bozeramale izatea delako.
Larriagoa iruditzen zaigu Iturrate-ren jarrera, bere alderdikide eta Jaurlaritzako bozeramale den Josu Erkorekak erakutsi duen prudentzia jarrera hartu beharrean, beste behin PPren morrontza lanak hartu dituelako bere gain. Iturrate-k bere akusazio larriak zuzendu beharko lituzke.
Azkenik, biei dei egiten diegu iturri originaletara zuzendu daitezen hirugarrengoen iritziak baloratu aurretik, hartara eztabaida politikoa benetako edukietan zentratzeko eta ez komunikabide baten manipulazioetan.