Andrej Hunko Die Linke-ko diputatua Alemaniako Bundestag-ean, Euskal Herrira etorri da, Arnaldo Otegi Logroñoko espetxean bisitatu asmoz. Gaurkoan, agerraldia eskaini du Sortu-ko nazioarteko arduradun Maite Ubiria eta Julen Arzuaga legebiltzarkidearekin batera.
Andrej Hunko-ren hitzartzea
Nire izena Andrej Hunko da. 2009. urtetik diputatua naiz Alemaniako parlamentuan (Bundestag), DIE LINKE ezker alderdia ordezkatuz. Era berean, Europako Kontseiluko batzar parlamentarioko kidea naiz (PACE, www.coe.int). Azken urteetan Euskal Herriko bake prozesuaren alde lan egiteko aukera izan dut; batez ere Aieteko Adierazpenarekiko eta pasa den martxoko "Bakearen bidean" (http://onthepathtopeace.eu/) adierazpenarekiko babesa agertuz. Azken bi urteetan gatazkari konponbide politiko eta demokratikoa eman diezaiokeen aroa ireki delakoan nago. Helburu hori lortu ahal izateko, oso garrantzitsua da alde guztiak, Espainiar Gobernua barne, bake prozesua babesteko pausuak ematea. Pausu horietako bat espetxe politikaren aldaketa behar luke izan.
Arnaldo Otegiri bisita
Arnaldo Otegi bisitatzea denbora luzez nahi izan dudana izan da. Hainbat saiakera egin ditut Ezker Abertzaleko ordezkaria bisitatu ahal izateko, baina ukatu egin zitzaidan lehenengoan eta bigarrengoan agenda kontuengatik ezin izan nuen etorri. Oraingo honetan hainbat oztopo gainditu behar izan ditut: Lehenik eta behin baimena eman zitzaidan, ondoren ukatu egin zitzaidan eta azkenean, atzo, berriro onartu zitzaidan. Dirudienez, azkenik, bihar, Logroñoko espetxean Arnaldo Otegirekin hitz egiteko garaia dela.
Bisitaren helburua
Bisita honen helburu nagusia Euskal Herriko egoera politikoaren eta bake prozesuaren egungo egoeraren inguruko informazioa gertutik izatea da. Bisita honen bitartez bake prozesua babestu nahi dut eta prozesu horretan pertsona garrantzitsuenetako bat den Arnaldo Otegiri nire elkartasuna adierazi nahi diot. Esan beharra daukat; bai bere kontrako epaiketa, bai Ezker Abertzaleko beste zenbait ordezkariren kontrako epaiketek ere arrazoi politikoek bultzatutako epaiketak diruditela.
Europako Giza Eskubideen Auzitegiak "Parot doktrina"ren inguruan berriki hartutako erabakia giza eskubideen errespeturako zantzu positibo bezala eta gatazkaren konponbidean aurrera egiteko urrats gisa ulertu behar da. Presoen eskubide guztien errespetua gatazkaren konponbide prozesuan aurrera egiteko hurrengo urratsa izan beharko litzateke.
Espainiako gobernua egungo jarrera alboratu eta gatazka zein bere ondorioak konpontzeko elkarrizketa baterantz mugi tzera gonbidatu nahi dut; hala gizarteak desio duen giza eskubide guztiak errespetatuak izango diren eszenatokia lortu dadin.
Maite Ubiria: Hainbat zailtasun gainditu ostean, Hunko jaunak Arnaldo Otegirekin hitz egiteko aukera izan beharko luke bihar
Andrej Hunko Euskal Herrian martxan dagoen konponbide prozesuaren jarraipena egiten du aspalditik. Die Linkeko kidea, 2009az geroztik Bundestag-eko parlamentaria da. Hortaz gain, Europako Kontseiluko asamblea parlamentarioaren (PACE, www.coe.es) kide aktiboa da.
Badira bi urte azaldu zuen Hunko jaunak Arnaldo Otegi bisitatzeko asmoa. Birritan saiatu da bisita hori egiten, baina ezin izan du bere asmoa bete. Hirugarrenean, ezker abertzaleko kidea bihar ikustea itxaropena du.
Otegi bisitatzeko oztopoak ezagunak dira. Uda atarian Europako Parlamentuaren hiru kidek tramiteak egin zituzten bera bisitatzeko. Logronoko espetxera hurbildu ziren baina Otegi ikusi gahe itzuli behar izan zuten Bruselara. Horren ondotik, Demesmaeker eurodiputatuak egoera hori salatu zuen Europako parlamentuan.
Hainbat zailtasun gainditu ostean, Hunko jaunak Arnaldo Otegirekin hitz egiteko aukera izan beharko luke bihar. Egoera normal batean, Euskal Herriak bizi duen aro politikoari egokitutako egoeran, SORTUren idazkari nagusia den Arnaldo Otegik, zergatik ez, gu gauden egoitza honetan bertan hartuko luke Hunko jauna.
Espero dezagun oso laster ez Euskal Herrian ez hemendik kanpo inork ulertzen ez duen egoera hori aldatzea eta Arnaldo Otegik, berarekin batera auzipetu eta espetxeratu zituzten Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta eta Rafa Diez bezala, aukera izatea bere jarduera politikoa askatasun osoz burutzeko.
Beraiek bezala, atzo, gaur eta bihar SORTUK bere engaiamendu osoa dauka, euskal jendartearen eskutik, benetako bakea eta normalizazio politikoa lortzeko.
Julen Arzuaga: Eskubide guztiak errespetatuko diren eszenatoki batera heldu beharra dugu
Herritar guztien eskubide guztiak errespetatuko diren eszenatoki batera heltzeko beharra nabarmendu Arzuagak. Hunkok esandakoaren ildotik, espetxe politika aldatzeko beharra azpimarratu du, Sevilla IIko espetxean dituzten euskal presoen protesta gogora ekartzen eta Europako Giza Eskubideen Gorteak 197/2006 dotrina baliogabetu ostean euskal presoen familiarrek pairatu jazarpena bukatu behar dela aldarrikatu du.