Ezker abertzaleko kidez osaturiko ordezkaritza zabal bat Madrilgo Alcala hotelera hurbildu da gaur, bertatik adierazpenak egiteko. Alcala hotelean hil zuten, 1989ko azaroaren 20ean, Josu Muguruza. Santi Brouard eta Josu Muguruza gogoan, adierazpenak egin dituzte bertatik Rufi Etxeberria (euskaraz) eta Joseba Permach (gazteleraz) Sortu-ko Kontseilu Nazionaleko kideek:
Gaur, azaroak 20, Madrileko Alcala hotelera hurbildu gara ezker abertzaleko hainbat kide, Santi eta Josu omendu asmoz. Bertan, gaur 24 urte, hil zuten tiroz gure burkide eta lagun Josu Muguruza. Bost urte lehenago, Bilboko bere kontsultan hil zuten gure kide Santi Brouard.
Ezker Abertzalea gatazkaren konponbiderako aukerak lantzen ari zen unean hil zituzten Santi eta Josu, lantzen ari ziren bide horiek itxi asmoz. Hori izan zen Estatu espainiarrak bake eskaintzari eman zion erantzuna: Ezker Abertzaleko bi ordezkariren hilketa.
Santi eta Josu hil zituztenetik 29 eta 24 urte igaro diren honetan, Estatu espainiarraren jarrera berbera izaten jarraitzen du: konponbide proposamenei, bakea eraikitzeko aukerei, ETAk orain bi urte borroka armatua amaitzeko harturiko erabakiari, indarkeriaren bidez erantzuten dio. Estatu espainiarrak, bakearen etsaia izaten jarraitzen du. Estatu espainiarrak gure herriarentzat eskaintza demokratikorik gabe jarraitzen du.
Bakearen etsaiek ordea, ez dute aukera historiko hau galaraziko. Ezker Abertzaleak, historikoki egin duen bezala, Euskal Herria du bere ekimen eta konpromisoen hartzaile. Santi eta Josuren konpromiso berberarekin, gure herriari adierazten diogu bakea eta askatasuna erdiesteko konpromiso eta borrokari eutsiko diogula.
Eta horretan sinisten duten abertzale eta demokrata guztiei eskua luzatzen diegu, imajinatu ezin daitekeena sufritu duten senide guztien animoak eta bultzadak ziztaturik, askatasuna eta bakea eraikitzeko.
Santi eta Josu gogoan, Josu Muguruzaren hitz batzuekin amaitu nahiko genuke: Esfortzuak eta apustuak merezi dute, bidean utzi dugunarengatik, bidean gelditu zaizkigun lagunengatik, eta batez ere, arrazoia dugulako.
Egia eta askatasuna ekarriko dituen, eta Euskal Herriaren izaera eta eskubideak bermatuko dituen konponbidea, denon garaipena izango da.
Aurrera bada, Euskal Herriak irabaziko du!