Azken aste hauetan inoiz baino ageriago agertzen zaigu estatu espainiarrean eskuinaren ofentsibak herri honekiko izan ditzakeen ondorioak:
- Batetik Sevilla II-ren adibidea non nabarmen geratzen den espetxe politika gizatasun falta.
- Espioitza eta jazarpen politikoa (Ernairi espioitza, eta Sorturen kontrako jazarpen poliziala eta ilegalizazio mehatxuak)
- Eta horri gehitu behar zaizkio eremu sozialean etengabeko erasoak, lan erreforma dela, LOMCE, udal legearen erreforma, Euskal Herrian eragin zuzen eta zehatza dutela.
Eta zergatik? Estatuak argi du askapen prozesua Euskal Herrian guztiz erabakigarria den fasean sartu dugula. Fase honetan argudio demokratikoak jarri behar dira mahai gainean eta unionistek ez dituzte. Bakar-bakarrik ukazioa eta errepresioa bere mailarik gorenera eramatea dute argudio indar unionistek.
Estatuak momentu honetan helburua garbi du: ezkertiar independentistok eta herri honetan aldaketa bideratu nahi duten sektore guztiak jarri ditu jo puntuan.
Beraz, arazoa dagoeneko ez da ETA, bere esku zegoen borroka armatua amaitu ostean ere euskal herritarrok ez dugulako bake eta normalizazio eszenatokirik ezagutzen. Arazoa ez da ezker abertzalea, ez da Euskal Herria, arazoa Espainia da eta bere izaera frankista eta antidemokratikoa.
Estatua hartzen ari den erabakien ondorioz (errepresiboak, inposatzaileak...) emergentzia nazionaleko agertokia zabaldu dute gure herrian.
Sorturen iritziz herri gisako emergentzia egoera honi aurre egiteko prestatu behar ditugu gure buruak horretarako prest gauden eragile guztiak.
Geure buruari galdera hau egiten diogu: zer gehiago egiten utzi behar diegu herri honetan zabaldu den aro berria zapuztu eta atzera egin nahi duten Rajoy, Aznar, Mayor, Rubalcaba… gisakoei? Belaunaldi berriak eta egungoak eskubiderik gabe eta pobreziaren eremuan, kultur eskasian eta beldurrean bizitzera kondenatu nahi gaituztenei aski da adierazteko ordua heldu da. Herri honen eta herritarren aurkako erasoek amaitu behar dute!
Sortuk, zabaldu den aro berri hau zapuzteko ahalegin erabatekoan murgildu diren sektore horiei aurre egiteko bere borondate irmoa erakutsi nahi du gaurkoan.
Euskal gizartearen nahia da gure iparrorratza. Zein da euskal gizartearen nahia? Apustu argia egiten du bake eta elkarbizitza demokratikorako eszenario bat eraikitzeko. Eragile politiko, sozial eta sindikal guztiei dagokie, Sorturen iritziz, gure esku dagoen arduraz jokatuz, hartu beharreko neurriak eta erabakiak hartzea, espainiar estatutik –inboluzioa helburu- datorkigun erasoari aurre egiteko modu eraginkorrean.
Zertan ezin dugu huts egin? Errezeta zaharrak garai berriari aurre egiteko erabiltzeko orduan. Errezeta zaharrek ez dute balio. Esku artean dugun erronka hain da garrantzitsua ezen baliatzen dugun lehen trantsiziotik gainean ditugun defizit politiko eta ekonomiko guztiei aurre egiteko edo porrot berrietara kondenatuta gaude. Arduraz jokatu behar dugu eta esku artean dugun aukera izugarria aprobetxatu espainiar estatutik datorkigun errezeta suntsitzaileari herri gisako errezeta demokratikoarekin erantzuteko. Eta horretarako eskuak zabalik ditu Ezker Abertzaleak.