ALBISTEAK

Sevilla II espetxean preso diren euskal preso politikoek 31 egun beteko dituzte gaur gose greban. Preso batek duen borroka molderik muturrekoenean hilabete pasatxo daramate espetxe horretako presoek.

Basatia da Sevilla II espetxeko presoek pairatzen duten egoera: mugagabeko isolamendua, etengabeko jazarpen eta mehatxuak...  Are basatiagoa da gose greban diren presoen aurka kartzeleroek duten jarrera: berogailuak itzali, mantak kendu eta ohera kateatu izan dituzte presoak.

Zoritxarrez ordea, ez gaude egoera isolatu baten aurrean: Sevilla II espetxe politika kriminal eta basati baten adibide dugu; ehunka preso politikori ezartzen zaion espetxe politika kriminal baten adibide lazgarri. Alderdi Popularra arduradun zuzen duen espetxe politika honek bi helburu dauzka:

• Euskal Herrian gatazka politikoa gainditzeko irekiriko aukera indarrez zapuztea.
• Espainiar eskuinaren mendeku gosea asetzea.

Eta Alderdi Popularrari ozen esan behar zaio: Aski da! Aski da euskal preso politikoen eskubideak egunez egun urratzeari; aski da indarkeriaren erabilpen politikoa egiteari; aski da euskal preso politiko eta euren senide eta lagunekin erruleta errusiarrera jokatzeari.

Era berean, gaurkoan euskal instituzio nagusietako agintariak interpelatu nahi ditugu: egun euskal herritar batzuen aurka burutzen ari den eskubide urraketa basati honen aurrean ezin dute ezin-ikusiarena egin. Urkullu eta Barcina, ez begiratu beste alde batera. Urkullu eta Barcina; zer egiteko prest zaudete behingoz preso diren euskal herritarren eskubideak errespeta daitezen?

Horrela bada, euskal instituzio eta eragileei espetxe politika kriminal honen aurka jarrera argi eta irmo bat hartzeko deia luzatzen diegu, PPren espetxe politika delako egun Euskal Herriaren aurka burutzen den eskubide urraketarik gordinena.

Azkenik, Sortuk bere atxikimendua adierazi nahi die egunotan Euskal Herrian burutzen ari diren mobilizazio eta protestei eta bereziki, igandean Donostian burutuko den manifestazioari.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.