ALBISTEAK

EAEko Auzitegi Gorenak "Dignidad y Justicia" talde ultraeskuindarrak Hasier Arraiz Sorturen Kontseilu Nazionaleko koordinatzailearen aurka jarririko salaketa tramitera onartu duela eta, honakoa adierazi nahi du Sortuk:

Erabaki honen oinarrian bakearen etsai diren espainiar estatuko hainbat sektore (direla politiko, mediatiko, judizial eta militarrak) burutzen ari diren inboluzio politika dago. Herri honen etorkizuna kartzela zigor, ukazio eta inposizioan oinarritu nahi dutenen politika alegia.

Adierazpen askatasunaren aurkako eraso frontala da. Trantsizio Demokratikoa delako haren inguruan Sortuk egiten duen hausnarketa politikoa judizializatzeak ez du beste izenik.

Bakearen etsaiek eta epaitegiek ezin dute Euskal Herrian egin behar den eztabaida mehatxatu eta baldintzatu, konponbidearen aurka ari diren gutxi batzuk ezin dute herritarren gehiengoaren nahia zapuztu. Garai berria zabaltzen ari gara eta epaitegietatik kanpora zabaldu behar dugu, ukaziorik eta bazterketarik gabe.

Sortuk horretarako borondate irmoa du, euskal herritar guztiontzako garai eta aukera demokratiko osoa lortu arte ekin egingo diogu, oztopo guztien gainetik.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.