Euskal Preso Politikoen Kolektiboak atzo kaleratutako adierazpena gatazkaren konponbide prozesuan lehen mailako ekarpena dela deritzo Sortuk. Baldintzarik zailenetan EPPK-k egindako hausnarketaren ondorioen balioa azpimarratu nahi du Sortuk.
Eta zergatik diogun lehen mailako ekarpen baten aurrean gaudela. Adierazpenaren edukiek ez dute zalantzarik uzten euskal preso politikoek prozesuarekiko duten konpromisoaz. Aipatu edukiok zehatz-mehatz diote besteak beste:
- Gatazkaren ondorioz eragindako alde anitzeko sufrimendua eta mina zinez aitortzen dutela presoek.
- Ontzat ematen dutela ETAk borroka armatua bertan behera utziz sortutako agertokia... Aurrerantzean bide eta molde politiko eta demokratikotik aritzea... eta iraganean baliatu moldeari aurrera begira uko egitea espreski.
- Presoek ontzat ematen dute etxeratze prozesua lege-baldintzak erabiliz gauzatzea, etxeratzea modu mailakatuan ematea eta konpromiso indibidualak aipatzen dituzte.
- Eta bukatzeko, beren jardunaren ondorioekiko erantzukizun osoa aitortzen dute, beraietako bakoitzaren erantzukizuna aztertzeko prestutasuna barne.
Eduki hauek esanahi politiko sakoneko ariketa suposatzen dute; egindako hausnarketak dituen indarguneak ukaezinak dira eta bake prozesuaren bideragarritasunari hauspoa ematera datoz.
Adierazpen honek paregabeko aukera zabaltzen du espetxe politikaren aldaketarako eta lehenik eta behin presoen sakabanaketaren amaierarako.
Gatazkaren konponbide prozesuari ezarri nahi zaion blokeoaren aurrean, prozesuari bideragarritasuna emateko tresna baliagarri gisa baloratu zituen Sortuk Bake Prozesua Indartzeko Foro Sozialaren gomendioak. EPPK-k egindako hausnarketa eta ondorioak erabat txertatzen dira gatazkaren konponbiderako Euskal Herrian zein nazioartean egiten ari diren ahaleginekin.
Euskal Preso Politikoen Kolektiboa gatazkaren parte da eta ezinbestean, gatazkaren konponbide prozesuan subjektu aktibo izan behar du, gainerako eragileen moduan.
Bere parte hartzea bermatu eta egin beharreko ekarpena ahalbidetzeko, premiazkoa da sakabanaketa politikarekin amaitzea. Presoei zein euren senide eta lagunei eragiten dien espetxe politika krudelak behin betiko amaitu behar du.
Azkenik, gure gonbidapena Euskal Herriko instituzio, indar politiko, zein gizarte zibilari espetxe politika kriminal hau gainditu ahal izateko eta eskubide urraketarekin amaitzeko konpromisoak hartzeko, mobilizatzeko eta gatazkaren konponbiderako Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren ekarpena aintzat hartu eta bide emateko.
Sortu, 2013ko abenduak 29