Ezker Abertzaleak Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren ekimenaren garrantzia eta balio izugarria azpimarratu nahi ditu.
Hein berean eta atzoko egunez, EPPKko Mintzakidetzaren ordezkaritzak eta Estrasburgok Parot doktrinaren indargabetzearen ondorioz kaleratuak izan diren hainbat preso ohik Durangon eskainitako prentsaurrekoan aurkezturiko irakurketa guztiz positiboa eta balio eta indar handikoa dela irizten diogu ezker abertzaletik.
Atzo eginiko irakurketa horretan, pasa den astean EPPK-k aurkezturiko erabakiarekin eta erabateko konpromisoa adierazi dute ezker abertzalearen estrategiari esker ireki den eszenatoki berriarekin.
Kolektiboaren erabakia da, erabaki kolektiboa, EPPK osatzen duten kide guztien artean adostu eta hartu dena; ez zen urrats erraza, inondik ere, egoera oso zailean, sakabanatuta eta salbuespeneko legedipean heldu baitiote euskal presoek beren erantzukizunari, eta gauzak honela, iniziatiba hartzeko gai izan dira, Euskal Herrian zabaldu den garai berriari funtsezko ekarpena eginez. Hau guztia txalotu nahi dugu gaurkoan.
Nola ulertzen du Ezker Abertzaleak egindako urratsa? Bi urte bete dira igaro dira Aieten Nazioarteko Konferentzia egin zenetik; bi urte ETA erakundeak bere jarduera armatua behin betiko amaitzea erabaki zuenetik. Garai berria ezagutu du gure herriak, itzulerarik gabea, baina estatu espainiarraren blokeo jarrerak ilundu duena, Madrilek salbuespeneko legedia eta jarduera guztiari eutsi baitio denbora honetan guztian, askatasun demokratikoei dagokionez inongo urratsik egin gabe eta, gainera, espetxe politika are gehiago gaiztotuz, Estrasburgoko sententziarekin sekulako jipoia jaso duen arte.
Gatazkaren konponbiderako inongo borondaterik gabe dihardu Estatuak eta bereziki gatazkaren ondorioen inguruan indar bereziez gotortuta, euskal presoen gaia bataila nagusia bilakatu duelarik, irabazle eta galtzaileen kontakizuna inposatzeko ahaleginean. Horretan ari dira PP eta PSOE alderdiak, eskutik hartuta. Ordea, gure herriaren aurrean porrota jasotzen ari dira, gero eta isolatuago geratzen, bakea eta konponbidea aldarrikatzen duen gehiengoaren aurrean.
Egoera honen erdian, EPPK egoera politikoa astintzeko gai izan da, inolako zalantzarik eta zalantzarako tartetik uzten ez duen ekarpenaren bitartez, modu positiboan eta eraikitzailean aurrera egiteko tresna eskainiz. Nori eskaintzen dio tresna hori? Ezker Abertzalearen iritziz, euskal herritarrak eta nazioarteko komunitatea dira hartzaile nagusiak, batzuen indarra eta besteen laguntza ezinbestekoak gertatzen ari baitira Estatua aurrerapausoak egitera behartzeko.
Zeintzuk dira beharrezkoak zaizkigun aurrerapauso horiek? Lehena, euskal presoak eta beren lagun eta senideak iraunkorki eta krudelki kaltetzen dituen sakabanaketarekin amaitzea, estatu-biolentziaren adibide argigarrienetarikoa berau, zalantzarik gabe. Sakabanaketarekin amaitu behar dugu, egun herri eskaera ezin zabalagoa eta anitzagoa izatetik, presio bide iraunkor eta efikaza bihurtuz, gu guztion artean.
Ezker Abertzalean ez dugu zalantzarik gai izango garela, herri honetako gehiengo politiko eta sozialaren eskutik eta nazioarteko eragileen laguntzaz, herri honetako ekuazio
politikotik sakabanaketa behin betikoz desagerrarazteko. Denbora eta bultzada kontua da, uholde herritarrak mugiaraziko du Estatua, munduan zehar hainbat gatazken konponbidean gertatu den moduan.
Eta euskal presoen ekarpena palanka oso garrantzitsua gertatuko da, ezbairik gabe, norabide honetan indarrez eragiteko.
Izan ere, gure herriaren aurrean posizio indartsua ez du, inondik ere, ukazioan dagoenak edo mugitzen ez denak. Posizio indartsua eszenario eta helburu demokratikoak borrokatzen dituenaren esku dago eta, zentzu honetan, ahalegin etengabea egiten ari da Ezker Abertzalea, bere herriak hala eskatzen diolako.
Guk ez dugu inongo aitzakiarik jartzen urratsak egiten jarraitzeko; horixe erakutsi du euskal presoen kolektiboak oraingoan, eta horrelaxe ulertzen dugu gainerako eragileei dagokienean ere, inork ez duela inongo aitzakiarik jarri behar pairatzen dugun biolentzia zantzu guztiak behin betikoz amaitu eta egun ezagutzen ez dugun zoru demokratikoa eraikitzeko gure herrian. Horretara bildu behar dugu eragileak, Euskal Herriari behin betiko konponbide demokratikoa eskaintzeko asmoz.
Hau horrela izan dadin, eta honakoa da gaurko Ezker Abertzalearen bigarren ondorio nagusia, espetxeetako ormetatik kanpora atera behar da euskal presoen ekarpena, eta gainerako eragile guztiekin batera konponbidearen aldeko fronte zabalaren baitan txertatu. Egin duten urratsa oinarri hartuta eta erakutsi duten borondateari jarraikiz, aurrerantzean konponbidearen aldeko dinamika orotan beren parte hartzea bermatu eta sendotzeko premia ikusten dugu. Prozesuaren aldeko aktibo garrantzitsua direlako presoak, erakutsi duten moduan.
Eta honekin batera, Ezker Abertzaleak azpimarratu nahi duen hirugarren ondorioa, eragileak elkarlanean jorratu beharreko ibilbide orriari dagokio, hasi Aieteko ekimenetik eta Euskal Herriko instituzioetan nahiz kaleetan aritzeko orduan: gure herrian bakea aitortza eta erabakitze eskubidearen eskutik lortuko da eta horren mesedetan xahutu behar ditugu indarrak, guztiok lehen lerroan kokatuta eta ondokoak zer egingo duen begira egon gabe. Onartezina da Madrilek daraman ildoa, prozesua zapuzteko bere ahalegin etengabea, eta bai Aietetik, bai instituzioetatik aurre egin behar diogu ekimen eta iniziatiba ezberdinen bitartez. Horretarako eskuak zabalik ditu Ezker Abertzaleak.
Bukatzeko, gure besarkadari beroena luzatu nahi diegu euskal preso dauden 530 kideei, egin duten urratsa eta herri honen aurrean erakutsi duten prestutasuna mugarri ezin sendoagotzat ditugu Euskal Herriaren etorkizun librearen alde borrokatzen jarraitzeko.