ALBISTEAK

Premiazko agerraldia deitu dugu gertakariek horrela eskatzen dutelako eta gauzak horrela lehenengo inpresio batzuk bota nahi ditugu:

Lehenik eta behin, Guardia Zibila burutzen ari den operazioa tinko salatu nahi du Sortuk.

Era berean nola ez, gure beroa bidali nahi diegu atxilotuei zein gertuko guztiei; gure elkartasuna, kontsiderazioa eta errespetu osoa daukate.

Gaurko operazio poliziala konponbidearen aurka Alderdi Popularrak burutu duen enegarren saiakera dugu. Ez daukagu inongo zalantzarik esateko bakearen etsaiek agindu eta gauzatu dutela gaurko operazioa.

Izenetatik haratago nortzuk atxilotu dituzten azpimarratzea garrantzi handikoa da:

  • Goardia Zibilak atxilotutako lagunak larunbatean Durangon egindako agerraldian izan ziren.
  • Bakearen eta konponbidearen aldeko hautua egindako lagunak atxilotu ditu Goardia Zibilak.

Beraz, eta inongo zalantzarik gabe: bake eta konponbidearen eraikuntzan Ezker Abertzaleak egindako ekimen guztiei zein EPPKren adierazpena eta aurreko larunbateko agerraldian euskal preso ohiek konponbidearekiko adieraziriko konpromisoari bakearen etsaiek emandako erantzuna da gaurkoa.

Guretzako argi dago zer bilatzen duten PPko bakearen etsaiek gaurkoaren moduko polizia operazioekin:

  • Euskal jendartean etsipena sortu.
  • Gatazkaren alde bortitza bizirik mantendu nahi dute, sufrimendua eguneroko ogi bihurtu.
  • Eta konponbide prozesuari dagokionean, bake eta demokraziaren aldeko apostuan aurrera egiterik ez dagoen sentimendua hedatu nahi dute.

Horren aurrean, esan nahi dugu ez dagoela etsipenerako tartetik ordea. Herri hau indartsua da eta bere helburuak argi dauzka. Herri honek aurrera egingo du, bakearen etsai guztien gainetik. Eta berriro diogu, sakabanaketa bertan behera geldituko da eta espetxe politika aldatuko da logikak horrela eskatzen duelako, arrazoi nahikoak badaudelako eta herri gehiengo batek errealitate eginen duelako, ez daukagu inongo zalantzarik.

Herri honek bakea, askatasuna eta demokrazia eraikitzeko duen borondateari eraso zuzena da gaurkoa. Erantzuna beraz, tamainakoa izan behar du.

Espainiako Barne Ministroak esan berri du Herriraren kontrako operazioaren segida izan dela gaurkoa. Eman diezaiogun beraz segida Herriraren kontrako operazioa salatzeko egin zen herri mobilizazioari eta bete ditzagun Bilboko kaleak larunbat honetan.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.