Aste benetan frenetikoa izan dugu Euskal Herrian eta beraz iruditu zaigu atzoko mobilizazioaren ondoren, beharrezkoa dela honako agerraldia egitea astea ixteko.
Aste honek bi argazki oso desberdin utzi dizkigu:
Batetik, Estatu espainiarretik etorri zaiguna:
- EPPKren adierazpenari eta preso ohiek konponbidearekiko adieraziriko konpromisoari erantzun bortitza:
- Bitartekaritza taldeko 8 kideren atxiloketa.
- Hainbat abokaturen bulegoen miaketa.
- Eta baita Tantaz Tanta ekimenaren deialdiaren debekua, Euskal presoen eskubideen alde, konponbidearen alde eta bakearen aldeko mobilizazio erraldoia izan behar zuena.
- Horren harira, herritarren gehiengoak bat egiten du "euskal presoak Euskal Herrira" aldarrikapenarekin eta hori nabarmen geratu da Tantaz Tanta ekimenak garatu duen dinamika herritarrean. Hori da ere botere espainiarrak indarrez ezabatu nahi izan duen aldarria, ohartu gabe, indarkeria eta inposizio alferrikakoak direla herritarren gehiengoaren borondatea eta aldarria isilarazteko.
Eta bestetik, atzo Bilbon ikusi eta bizi izan genuen herri mobilizazio erraldoiak osatzen duen asteko bigarren argazki esanguratsua.
- Herri honen gehiengo politiko eta sindikalak herritarren gehiengoaren aldarrikapenak barnebiltzen zituen deialdia egin zuen.
- Eta inolako ezbairik gabe, herri erantzuna apartekoa izan zen.
- "Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea" aldarrikapenak Bilboko kaleak bete zituen atzo. Mobilizazio erraldoi honek guztiok interpelatu gaitu eta guztiok atera behar ditugu ikasgaiak.
- Atzo herri oso bat atera zen kalera bere gehiengo politiko eta sindikalaren deiari erantzunez, bakea, konponbide prozesua eta giza eskubideak defendatzera.
Horrela bada, etorkizunean herri honek jorratu behar duen bidearekiko aste hau oso adierazgarria zain dela deritzo Sortuk:
- Berriro ere, agerian geratu da nabarmen zein den Estatu espainiarraren eskaintza bakarra gure herriarentzat:
- Eskubideen estolda da Estatu espainiarra. Espainia ez da inongo eskubideren bermatzaile, eskubide urraketan eta ukazioan nagusiak dira.
- Espainiatik inposizioa eta ukazioa besterik ezin dugu espero. Atzo, gaur eta bihar.
- Horrela bada, ezinbestekoa dugu herri eta pertsona gisa dagozkigun eskubideen jabe egiteko gure bide propioari ekitea.
- Ostiraleko argazkiak eta zer esanik ez, atzo Bilboko kaleetan ikusi eta bizitakoak argi erakusten digu Euskal Herrian indarra eta oinarria badagoela.
- Horrela bada, Sortutik deia gainontzeko indar politiko eta sozialei, bai eta euskal herritarrei, herri zein herritar gisa dagozkigun eskubideak eskuratu eta gauzatzeko elkarlanaren bideari ekiteko.
- Atzokoan erakutsi genuen elkarrekin joanez gero herri hau garaitu ezina dela; ez dadila izan atzokoa asteburuko lorea baizik eta herri honek beharrezkoa duen elkarlanaren hasiera baino ez.
- Bukatzeko, atzoko deialdiaren sustatzaileak zoriondu nahi ditugu behin berriro ere; eta jakina oso modu partikularrean mobilizazioan parte hartu zuten euskal herritarrak baita Estatuko hainbat herritatik etorritako ordezkariak. Eskerrik asko benetan.