Jone Amezagak espetxeratze agindua jaso ondoren Errigoitiko gazteak 18 egun daramatza ezkutuan. Denbora honetan agerian da Gernika eta oro har Busturialdean elkartasun uholdea handitzen joan dela eta hamaika eragile, elkarte, saltoki, hautetsi eta norbanakoek aterkiaren babespean herri librea osatzeko konpromisoa hartu dutela. Elkartasun horren isla izan zen aurreko ostiralean Gernikako merkatuan egindako ekitaldian erakutsitako babes sare herritarra.
Garai berriak bizi ditugula Euskal Herrian errepikatu dugu behin eta berriro, konponbide garaia dela, baina oraindik orain errepresioa eta eskubide urraketa sistematikoa da Estatu espainiarrak Euskal Herriarekiko duen politikaren ardatzak. Kartzelak hustu behar diren garaian bizi gara eta ez da onargarria gaur egun arrazoi politikoengatik inor espetxeratzerik. Eta arrazoi politikoengatik diogu argi daukagulako Jone Amezagari ezarritako zigor horrek ez daukala zer ikusirik pankarta horrekin.
Aste baten bueltan, ozen esan nahi diogu espainiar Gobernuari epaiketa politikoak, espetxe politika kriminala eta euskal herritarren kriminalizazioarekin bukatu behar duela. Eusko Jaurlaritzari eta Barne Sailari hain justu esan nahi diogu kontuan izateko Jone Amezagaren inguruan sortutako elkartasun eta konpromiso uholde horretan sentsibilitate eta kolore desberdinetako jende andana murgildu dela, eta horrek argi adierazten duela herri honen gehiengoa ez datorrela bat egun mantentzen den errepresioa eta jazarpen politikoarekin.
Ohar honen bitartez Jone Libre! ekimenak milaka aterki laranjek Gernikan asteburu honetan osatuko duten herri aterkian parte hartzeko deia zabaldu nahi du Bizkaiko Sortuk.