ALBISTEAK

Herri Batasunaren 30. urteurrena betetzen zelarik, 2008ko apirilean Durangoko Santa Ana plazan ospatzekoa zen ekitaldia indarrez eragotzi zuen Ertzaintzak eta horren ondorioz hamahiru lagun atxilotu zituzten.

Gaizka Urruela urduñarra; Enaitz Gallastegi eta Iker Mendizabal durangarrak; Xabat Atxabal, Mikel Moreno eta Arkaitz Zipitria getxoztarrak; Ibai Etxezarraga bediarra; Jon Ibarra zeanuritarra; eta Asier Andollo dira bederatzi auzipetuak. Zazpi urte geroago, guztiei desordenak leporatzen dizkiete eta horren araberako urte beteko zigorra. Horrez gain, batzuei atentatua eta beste zenbaiti erresistentzia leporatzen dizkiete datorren astelehena eta asteartean, hilak 12 eta 13, Bilboko Entzutegian ospatuko den epaiketan.
Errepresioa eta eskubide urraketa sistematikoa dira Estatu espainiarrak Euskal Herriarekiko duen politikaren ardatzak eta Ildo horretan kokatzen dugu guztiz denboraz kanpo eta gatazkaren konponbidetik at ospatuko den epaiketa berri hau.

"Konponbide garaia da. Jazarpen politikorik ez!" lelopean datorren astelehenean Bilboko Buenos Aires kaleko epaitegiaren aurrean, goizeko 9.00etan, deituta dagoen kontzentrazioan parte hartzera dei egiten du Bizkaiko Sortuk.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.