Kanpainaren aste hauetan, Polizia autonomikoak eragindako hainbat atxiloketen epaiketak agenda politikoaren lehenengo lerrora etorri dira. Duela hamabost egun espainar Audientzia Nazionaleko sententzia batek kartzela zigorra ezarri zuen zazpi gazte independentisten kontra.
Horrelako sententzia eta horrelako atxiloketak anomalia politikoak dira Euskal Herrian 2015gn urte honetan. Eta hala ere, polizia autonomikoak joko perbertso horretan sartu da lehenengo mailako protagonista gisa, erantzukizun politiko oro alboratuta.
Tamalez, askotxo ongi dakigu kasualitateak ez daukala lekurik gure herri honetan. Eta horregatik salatu behar dugu gaur goizean epaitegi honetara ekarri gaituen auziak.
2008gn urtean, hau da, alderdien ilegalizazioa ezker abertzaleak ordezkatzen zuen esparru soziologikoa bizitza politikotik kanpo uzten saiatzen ziren garaian, Herri Batasuna sortu zeneko 30gn urteurrenaren ospakizunen barruan Durangon antolatu zen manifestazio batean polizia autonomikoak, beste behin ere, atxilotutako bederatzi lagunen kontrako epaiketak ekarri gaitu gaur hona.
Zorionez, ilegalizazioaren sasoia atzean ari da gelditzen gure imaginarioan, baina bere ondorioek, gaur hemen ikusten ari garen bezala, bizirik diraute.
Ez dauka ez hanka ez bururik horrelako epaiketa politikoekin aurrera jotzea. Ez dauka inongo zentzurik kartzela zigorra eskatzea gaur hemen epaituko dituzten lagunei. Zazpi urte luze pasatu direnean, auzipetuen bankilloan eserita egoteak ez dio inongo mesederik egiten herri honetan behar eta nahi dugun normalizaziora. Auzipetuen absoluzioa da gaur eskatzen dugun epai posible bakarra.
Buka daitezela jada jazarpen politikoak bultzatutako epaiketak. Guztion ardura politikoa da beste garaietakoak diren anomalia politiko hauekin bukatzea. Bakea eta normalizazioa guztion ardura delako. Konponbide garaia delako, Jazarpen politikorik ez!