ALBISTEAK

SORTUren Bizkaiko Herrialde Kontseilua osatzen dugun kideon aurkezpen publikoa egin dugu gaur. Kontseilua x pertsonaz osatuta dago. Haietatik, x gizonezkoak dira eta x emakumezkoak, eta batez besteko adina x urte da. Guztiok euskara eta gaztelania dakizkigu, gutxienez, eta organo honen lan hizkuntza euskara izango da. Guztiok langileak gara: ikasleak, elektrizistak, irakasleak, abokatuak, mekanikoak, idazleak, langabeak... Politikan lan egiten dugu baina ez gara politikariak, ideal batzuekin konprometitutako herritar antolatuak gara. Gure jarduera politikoa bukatzen denean, gure lehengo zereginetara itzuliko gara, eta espresuki uko egiten diogu une hori iristen denean enpresaren bateko administrazio kontseiluan sartzeari, EAJko eta PSEko lehengo buruek egin duten moduan, adibide bi soilik jartzearren. Gu ez gara klase politikoa, eta ez dugu izan nahi, gu langile klasea garelako.

Soldata normal bat jasotzen ez bada edo alderdi nahiz erakunde publiko bateko karguduna izateagatik jende normala izateari uzten bazaio, ezinezkoa da jakitea zer den aurrekontuen zorroztasuna, austeritatea edo gerrikoa estutzea, ezinezkoa da horrek guztiak dakarrenaz jabetzea. SORTUn dedikazio esklusiboa izango dugun guztiok soldata normal bat izango dugu eta diru kopuru berdina kobratuko dugu, norberaren ardura gorabehera. Inork ez du auto ofizialik edo idazkari partikularrik izango. Dietak gastu zehatzengatik soilik ordainduko dira, eta aukerarik ekonomikoena hobetsiko da beti. Politika egiteko beste era batekin dugun konpromisoaren adibide batzuk besterik ez dira horiek. Gure ideiekin ados ez egon arren, inork ezin izango du gure zintzotasuna zalantzan jarri.

Kontseilu hau abian jartzean hasiera formala ematen diogu SORTUren ibilbideari Bizkaian. Hala ere, gaur aurkeztu dizkizuegun izen eta aurpegietatik harago, ugariak, oso ugariak dira Bizkaian SORTUren benetako egitura osatuko duten pertsonak: eratze prozesuan Bizkaian egin diren ehun herri batzarretan parte hartu duten milaka pertsonak eta etorkizunean SORTUrekin noizbehinka edo iraunkorki elkarlanean arituko diren beste milaka asko. Proiektu honi benetako sakontasuna eta hedapena emango dion sare sozial militante zabal bat eratuko dugu. Unean uneko erabakietatik eta egunerokotasunari lotutako kontuetatik harago, beraiek osatuko dute Sorturen zuzendaritza estrategikoa Bizkaian. Horixe da gure konpromisoa.

Bizkaian aldaketa politiko eta sozialaren alde

Bizkaiak bere ekarpena egin behar dio Euskal Herrian sortzen ari den garai politiko berriaren eraikuntzari. Azken hamarkadetan herri hau astindu duten indarkeriazko adierazpenetako batzuen desagerpenak ateak ireki dizkio garai politiko berri horri, baina bururaino eraman ahal izateko ezinbestekoa izango da oraindik indarrean dauden indarkeria guztiak desagertzea. Benetako trantsizioa burutu behar dugu indarkerien eta inposizioaren agertokitik Bakearen eta eskubideen bermearen agertokira. Hori da SORTUren apustua, garrantzi handiko ekarpenak egin ditugu norabide horretan, eta gehiago egiteko prest gaude, beste batzuek gauza bera egin arte itxaron gabe baina urrats hori eman dezatela eskatzeari utzi gabe, agertoki berria heldutasunetik eta erantzukizun kolektibotik soilik finkatu ahal delako.

Bizikidetza demokratikoko marko hori eraikitzetik harago, SORTUk bere helburu politikoak ditu, ekologiaren eta internazionalismoaren printzipioetan oinarritutako Euskal Herri independente, sozialista eta feministaren aldeko borrokan laburbiltzen direnak. Gaur egun pairatzen dugun eta herri honetako langileak gogortasun ikaragarriz zigortzen ari den krisi sistemikoaren aurrean, ezinbestekoa da printzipio horiek praktikan jartzea.

Independentzia behar dugu, Espainiaren menpe egoteak, politikaren, hizkuntzaren eta kulturaren arloan ez ezik, ekonomiaren arloan ere itotzen gaituelako. Gainera, eredu sozioekonomiko berri bat behar dugu, ondasunak ekoizteko eta banatzeko era justu batean oinarritua, ekonomia gehiengoaren zerbitzura jarriko duena eta biodibertsitatea eta planeta zainduko dituena. Herritarrei hitza emango dien jendarte eredu demokratiko bat ere behar dugu. Gaur egun, elite politiko eta ekonomikoek euren interes komunen arabera eta bat eginik jokatzen dute gehien daukatenen mesedetan, eta behin betiko bukatu behar da sinbiosi horrekin.

Jendea nazkatuta dago hilaren bukaerara ezin iristeaz kexu diren eta porrot egindako politikak herritar gehienen kaltean aplikatzen dituzten politikari dirudunez. Hala ere, ezin dugu onartu haserrea etsipen edo indibidualismo bihurtzea. Ezin dugu onartu amorruaren emaitza lehertze inorganikoak, populismoak edo XXI. mendeko faxismoak ordezkatzen dituzten mugimenduak izatea. Amorrua eta haserrea energia sortzaile eta eraldatzaile bihurtu behar dira. Antolakuntza, eztabaida eta ekintza politikoa ezinbestekoak dira une hauetan. SORTUk haserre antolatua izan nahi du, aldaketa politiko eta sozialera bideratutako errebeldia antolatua. SORTUren ateak irekita daude gurekin batera gizarte zuzen eta libre baten alde borrokatu nahi duten pertsona orori. Ez dugu eremu hori guretzat bakarrik hartu nahi; aitzitik, beste sektore batzuk ere antolatzea eta aktibatzea nahi dugu, eta beraiekin elkarlanean aritzen saiatuko gara. Politika garrantzitsuegia da politikarien eskuetan uzteko.

Bestelako Bizkaia bat posible da

SORTU Bizkaian eta Bizkaiko SORTU izan nahi dugu. Horregatik, ez gara mugatuko lan ildo nazionalak gure lurraldean gauzatzera. Herrialde honetako beharrizan eta arazo espezifikoetatik sortutako agenda propio bat ere garatuko dugu. Bizkaiak sakoneko aldaketa politiko, sozial, ekonomiko eta instituzionala behar du. Berritzerako, demokratizaziorako eta ekonomiaren sustapenerako proiektu integral bat behar du, parte-hartzean eta justizia sozialean oinarritua.

Instituzioek enplegua sortu eta ekonomia aktibatu behar dute, politika ekonomiko eta fiskal egoki baten bidez. Ekoizpen eredu berri bat behar dugu, urgentziaz; teknologian, ikerkuntzan eta ekonomia berde eta sozialean oinarritutako eredu bat. Irizpide horiek erabili behar dira garraioaren, energiaren eta azpiegituren arloko politikan ere. Eredu hori abian jarri ahal izateko, ezinbesteko baldintza da instituzioek paradigma ekonomikoa aldatzeko prozesu handi baten aitzindariak izatea. Eta hori horretarako borondatearekin eta baliabideekin soilik egin daiteke. Hala ere, Bizkaian, eskuinaren politikaren ondorioz, administrazioek ez daukate diru nahikorik ekoizpenaren arloan inbertsio berriak egiteko, ezta oinarrizko zerbitzu publikoei eusteko ere. Ez dute nahi, ez dakite, eta ezin dute.

Beste era batera gobernatu ahal da. Jose Luis Bilbaok zerbitzu sozialak murrizten dituen bitartean, Bilduk gobernatzen duen Gipuzkoako Foru Aldundiak Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta edo Menpekotasun Legea bezalako prestazioak zabaltzen ditu, ordainsari guztiak bermatzen dizkie bere funtzionarioei eta egoitzetako 4.800 langileen lan egoera hobetzen du. Gipuzkoan, 2012an aurreko urtean baino diru gehiago bildu zen zergen bidez, eta % 30 iruzur fiskal gehiago atzeman zen. Bizkaiko Foru Aldundiak, ordea, ortodoxia liberalean oinarritutako politikak egin ditu beti. Eta orain, krisiaren aurrean, Raxoiren gobernuaren eskema berdinekin erantzuten du, austeritatearen eta murrizketen dogma aplikatuz.

Praktikan jartzen ez duen abertzaletasun bat zuribide gisa erabiliz, EAJ eskuineko politika egiten ari da PPren sostenguarekin. Hori aldatu egin behar da. Euskal Herrian langile tradiziorik handiena duen herrialdea ezin da eskuinaren gotorlekua izaten jarraitu. Aldaketa sakona behar dugu, ez alderdi edo izenen aldaketa, politiken aldaketa baizik. SORTUk bere ekarpena egingo du Bizkaian alternatiba sozial eta instituzional integral bat eraikitzeko. Bizkaiko eta Euskal Herriko bigarren indar politikoa gara, hala Bizkaian nola Euskal Herri osoan SORTUrentzat apustu estrategikoa den EH Bildu koalizioko beste indarrekin batera. Ahalegin guztiak egingo ditugu EAJko jauntxoen eta PPko bidelagunen gobernu ezgaiaren alternatiba izatera iristeko.

Instituzioetatik eta kaletik Bizkaia iraultzera goaz, antolakuntzaren eta borrokaren bidez. Bizkaia plurala eta askotarikoa da, baina herrialde osoak pizgarri bat behar du, ilusio berri bat. Gure hizkuntzaren eta kulturaren defentsa militantetik, alternatiba bat eraikiko dugu Bizkaia osorako, Karrantzatik Ondarruraino eta Bilbotik Otxandioraino. Gure proiektu berritzaileak Bizkaia osoa barnebilduko du: asfaltoarena eta belarrarena, altzairuarena eta zurarena, etxe-orratzena eta baserriena, industriako, zerbitzuetako, landako eta itsasoko langileena. SORTU osatzen dugun guztiok gure herrialdeak eta Euskal Herri osoak behar duten aldaketa politiko eta sozial sakon eta benetakoa eraikitzen ahaleginduko gara, beste indar politiko eta sozial batzuekin batera, sindikatuekin, gazte antolakundeekin eta herri mugimenduarekin batera.

BIZKAIAN ALTERNATIBA DAGO, ALTERNATIBA GARA!

SORTUREN BIZKAIKO HERRIALDE KONTSEILUA
SESTAO, 2013ko martxoak 6a

Bizkaiko Kontseilua

2013/03/06
Bizkaiko Kontseilua osatzen duten kideak

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.