ALBISTEAK

Bihar, abuztuak 26, 12:30etan Bilboko plaza Borobiletik abiatuta Bizkaiko preso ohiek deitu duten manifestazioarekin bat egiten du Sortuk eta bertan parte hartzeko deia egiten dugu. "Amnistiaren norabidean, preso eta iheslariak etxera!" lelopean, Bilboko Aste Nagusiko egun handian gauzatuko da mobilizazioa, jaietan ere senide eta lagunak bidaia latz horiek egiten jarraitu behar dutelako eta preso horiek etxetik urrun, haietako batzuk larri gaixorik, egunez egun baldintza gogorrei aurre egin behar dietelako.

Egoera honen aurrean, elkartasun osoa eskaini nahi die Sortuk euskal preso eta iheslari politiko, senide zein lagunei. Izan ere, presoak kaleratzeko prozesua abiarazteko nahikoa da egun indarrean dagoen legedia aplikatzea. Horregatik, euskal preso politikoek abian jarri duten prozesua babestu eta txalotu du Sortuk eta emandako pausuak zein emango dituztenak babesteko deia egin dio euskal gizarteari.

Sortuk gogoratu nahi du euskal gizarteak behin baino gehiagotan erakutsi duela salbuespeneko espetxe politikarekin amaitu behar dela eta gatazka konponbidearen bidean euskal preso eta iheslariak etxean egon behar direla. Ostiral honetan beste behin ere bizi duten egoera latza gogoan izan eta eskaera justu eta demokratiko honekin bat egiteko aukera izango da Bilbon.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.