ALBISTEAK

Gervasio Gabirondo Ertzaintzaren zuzendariak Iñigo Cabacasen hilketa istriputzat jotzea onartezina izateaz gain, arduragabekeria galanta da. Urtebete igaro da Rodolfo Aresen Ertzaintzak Cabacas hil zuenetik, eta EAJk orain zuzentzen duen Segurtasun Sailari dagokio ikerketa bizkortuko eta azkeneraino eramango duen informazio eta baliabide oro epailearen esku jartzea. Ondorioz, Gabirondok duela urtebete jazotako hilketa babesteko eta zuritzeko harturiko bidea eskandalagarria dela salatu nahi du Sortuk, haren dimisioa eskatzearekin batera.

Halaber, EAJk erantzukizun historikoa duela gogorarazi nahi dugu, Cabacasen hilketa ezin baita gertaera isolatu gisa konprenitu. Aitzitik, EAJk azken hamarkadetan sustaturiko polizia eredu baten urteetako praktika basati eta neurrigabearen ondorio izan zen Basauriko gaztearen heriotza. Eta, zentzu horretan, gogora ekarri nahi dugu Cabacas ez dela zoritxarrez Ertzaintzaren lehen biktima. Aurrez hil zuten Rosa Zarra, esate baterako.

Cabacasen hilketak argiro erakutsi zuen polizia erdua errotik aldatzeko premia sakona, areago gatazkaren konponbideari irekitako aro berri honetan. Inoiz baino beharrezkoagoa da Ertzaintza herritarren zerbitzurako polizia bilakatzea, eta behingoz atzean uztea pairamena eta jazarpena besterik eragin ez dituen EAJren neurrira diseinaturiko polizia politiko eredu zaharkitua.

Euskal Herrian egun irekitako aroak justizia trantsizionala eskatzen duela sinetsita gaude, eta horren barruan kokatzen dugu polizia ereduaren sakoneko aldaketa. Hala, arras interesgarria iritzi diogu Iñigo Gogoan herri ekimenak sustaturiko eztabaidari, eta deia egiten diegu herritarrei plataforma horrek zein Cabacasen senide eta lagunek antolaturiko ekitaldi eta mobilizazioetan parte hartzera.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.