Egungo errealitatean kokatzeko ezinbestekoa den hausnarketa egin beharrean, eta bake eta normalkuntza prozesuan aurrerapausuak eman ordez, aitzakiak erabiltzen jarraitzen du EAJ-k atentzioa desbideratzeko asmoarekin, modu honetan SORTU ez ezik, herri honen gehiengoak eskatzen duenari uko eginez, esan du Bizkaiko SORTUko koordinatzailea den Maribi Ugarteburuk.
Gauz goizean EAJko BBBko lehendakaria den Itxaso Atutxak esandakoari erantzunez, hainbat urtetan Ezker Abertzaleak herri honen eskubideen defentsan lana eta ahalegina egin duela esan du ozen Maribi Ugarteburuk. Aldiz, alderdiaren interesak lehenetsi ditu EAJ-k behin eta berriro. Alderdia bera izan da beti lehentasuna EAJrentzat.
Aro berri honetan, gaineratu du Maribi Ugarteburuk, herri honen gehiengoaren iparrorratza gatazkaren konponbidean aurrerapausoak emateari begira dagoenean, molde zaharrei eusten dizkio EAJ-k. Baina EAJ-k erabaki beharko du lehenbaitlehen hemendik aurrera Madrilek uzten dizkion ertzak kudeatzen jarraituko duen, edo behingoz, joku arau berrien aldeko apustua egingo duen.
Bizkaiko SORTUko koordinatzaileak berretsi du azkenik, bakearen etsaiek horrela nahiko balute ere, jai daukatela; Ezker Abertzaleak bake prozesuaren alde egin duen apustuak aurrera egingo du kosta ala kosta.